Iraetako Errota poligonoan, errekari begira dauden pabiloietan, askotariko negozioak daude. Badago motorrak konpontzeko tailer bat, eraikuntzako materialak saltzeko garaje bat, altzariak egiten dituen lantegia. Dozenaka ate metalikoren artean, bada atentzioa ematen duen bat; Zirkun Zirko idatzita duen errotulu bat du goialdean. Eta, barruan, 250 metro koadroko azalera eta bederatzi metroko altuera dituen aretoak, alfonbra gorri bat, trapezio bat, krispetak egiteko makina, malabarak egiteko mazoak, txotxongiloak, kamerino txiki bat, maleta pila bat... gordetzen ditu. Zirku baten osagai guztiak, funtsean.
Izaskun Rueda (Gasteiz, 1983) dago proiektu horren atzean. Iraetako aretoan dago orain, baina bertara iristeko bide luzea egin du. Artistak hogei urte baino gehiago daramatza zirkuaren munduan. Abiapuntua, azaldu duenez, ikasle garaietan bizi izan zuen bat-bateko maitemina izan zen: kasualitatez zirku topaketa batekin topo egin zuen egun batean, eta ehun artista inguru ikusi zituen, batzuk monozikloaren gainean, beste batzuk malabarak egiten; "dena zen kolorea", dio, eta zera erabaki zuen momentu horretan: "Hau da nik egin nahi dudana".
«Egin izan ditudan formakuntzetan, ikusi dut zirkuak gaitasun handia duela norberaren autoestimua altxatzeko, eta horrek liluratu egiten ninduen»
Hortik aurrerako guztia "zoramena" izan zela adierazi du, azkenerako merezi izan duela ziurtatu duen arren: arabarrak bi hamarkadaz eutsi dio une hartako maiteminari, eta amets horri segika, bizi izan da furgonetan bi urtez, egin izan ditu malabarak semaforoetan, eta hainbat leku bisitatu ditu horietako tradizioetatik edateko, besteak beste, Frantzia, Espainia eta Txile.
Lilura konpartitua
Zirkun Zirko proiektua 2009an sortu zuen Ruedak. "Hasieran, zirku konpainia izateko helburuarekin sortu genuen, batez ere ikuskizunak egiteko. Gerora, zirku eskolaren munduan sartu eta umeei zirkuko diziplinak irakasten hasi ginen. Izan ere, egin izan ditudan formakuntzetan, ikusi dut zirkuak gaitasun handia duela norberaren autoestimua altxatzeko, eta horrek liluratu egiten ninduen", gogoratu du Zirkun Zirkoko zuzendariak. Berak sentitzen zuen lilura hori elkarbanatzeko, beraz, zirku eskola bana ireki zituen Getxon (Bizkaia) eta Donostian, eta horietan klaseak ematen dizkie hainbat haurri.
Duela bi urte Aizarnazabalera joan zen bizitzera, Bizkaiko eta Donostiako eskolen arteko "erdibidera". Eta "pasioak nahiz burugogorkeriak" ezaugarritu duten bizi bidaia luze horrek, azkenean, Zestoako Iraeta auzoan zirkuari lotutako mundu txiki bat sortzera eraman du.
Ruedaren arabera, Bizkaian indar handiagoa eta tradizio luzeagoa du zirkuaren kulturak, baina Gipuzkoan ez hainbeste, eta lurralde horretan ere afizioa zabaltzeko lanean ari da Zirkun Zirkoko zuzendaria. Ildo horretatik, oraindik Iraetako proiektua sortzen eta pentsatzen ari den arren, Aste Santuan zirku udalekuak antolatu zituen, eta hainbat haur aritu ziren Zestoako auzoan zirkuko modalitate desberdinak ikasi bitartean gozatzen, hala trapezioan edo oihaletan zintzilikatzen, nola malabaretan trebatzen. Bestalde, Aizarnazabalen bi urte daramatza zirku jaialdiak antolatzen, eta bi aldi horietan 300 ume bertaratu dira beraien ikuskizunak eskaintzera. Zirkuaren kultura, beraz, hedatzen ari da Urola Kostan. Eta horri eutsi nahi dio Ruedak aurrerantzean ere.
Areto bat, irudimen asko
Eskolak ematea maite duen arren, ikuskizunak eskainiko dituen zirku konpainia baten lemari heltzeko gogoa ez zuen inoiz galdu Ruedak. "Ez diot inoiz zirku ikuskizunak egiteari utzi, baina apur bat etenda nuen alde hori", onartu du. Sortzeko apeta hari segika hartu zuen errentan Errota industrialdeko pabiloia urtearen hasieran. Hilabete gutxi igaro dira ordutik eta, beraz, bertan gerta daitekeena irudikatzen ari da Rueda, eta poliki-poliki aretoa prestatzen. "Beste eskoletan klaseak ematen eta ikastaroak eskaintzen ditugu; hau, berriz, areto moduan erabili nahi dugu gehiago. Tailerrak eta ikastaroak eskainiko dizkiegu haurrei, baina ikuskizunak eskaintzeko lekua ere izango da", azaldu du.
Iraetako aretoarekin bere ametsa betetzen ari dela sentitzen du artista arabarrak. Proiektua irailean jarri nahi du martxan, eta, udararen ostean, nahiko luke inguruko hezkuntza zentroetako umeei aretoa ezagutzeko aukera zabaltzea. Bertan, "zirku egun bateko esperientzia" eskaini nahi die. "Imajinatu –esan du, amesten duena agertuz ate metalikoa hatzaz destatzen duen bitartean–: haurrak hortik sartuko dira, zirkuaren arkuaren azpitik pasatuko dira, zirku zuzendariak harrera egingo die, eta krispeta beroak eskaini. Globoflexia [figurak, animaliak edo formak globoekin sortzean datzan artea] egingo dugu eta azalduko diegu, labur-labur, zirkuaren historia eta ibilbidea zein diren. Gero, zirku ikuskizunaz gozatzera gonbidatuko ditugu, eseriko ditugu aulkietan eta gozatuko dute trapezioaz, malabarez, ariketa bertikalez... Amaieran, aukera emango diegu beraiek ere zirku artista bilaka daitezen. Zirku tailer baten bitartez, beraiek ere ikasiko dute trapezioan ibiltzen, malabarak egiten edo orekarekin zerikusia duten ariketak egiten".
Hezkuntza zentroetako ikasleez aparte, gainontzeko herritarrei ere zirkua ezagutzeko aukera eman nahi die Ruedak. Horregatik, asteburuetan haurrei zein helduei zuzendutako tailerrak eskaintzeko asmoa du, baita ikuskizunak egitekoa ere. Kasurako, Loratzen obra sortu du aurten Zirkun Zirkok, bizi bidaia baten istorioa umorez eta sentsibilitatez lagunduta kontatzen duen zirku ikuskizuna. Halakoak ere ekarri nahi ditu Iraetara.
Zirkun Zirkok Zestoan garatu asmo duen proiektuaren inguruan informazio gehiago nahi duten herritarrek hainbat bide dituzte harremanetan jartzeko: zirkun.com webgunea, izaskun-kun@hotmail.com helbide elektronikoa edo 656 750 793 telefonoa. Bestalde, honako helbidean aurki dezakete Iraetako aretoa: Errota poligonoa, 17. pabiloia.