Jon Agirre Euskaltel-Euskadi txirrindulari arroarra Txinan izan da Tour of Magnificent Qinghai proba lehiatzen, eta zortzi etapa eta gero, bosgarren lekuan eta Mendiko Sariarekin bukatu du itzulia. Podiumetik bost segundora eta Henok Mulubrhan (XDS) irabazlearengandik 27 segundora gelditu da Agirre.
Mendiko Saria irabazita, taldekako hirugarren saria eman dio arroarrak Euskaltel-Euskadiri. Hain zuzen ere, taldeka, hirugarren sailkatu da Agirreren taldea.
Ostolaza, mendian bigarren
Usoa Ostolaza Euskaltel-Euskadiko txirrindulari zarauztarrak, berriz, ezin izan du Mendiko Saria bereganatu Italiako Giroan, azken unera arte lehian aritu eta gero. Atzo, igandea, itzuliko zortzigarren eta azken etapa mailota soinean zuela eta Sarah Gigante aurkariarekiko puntu bateko aldearekin hasi zuen Ostolazak, baina txirrindulari australiarrak ez zion hura defendatzeko aukerarik utzi zarauztarrari.
Ostolazak hirugarren etapan jantzi zuen Italiako Giroko mendiko txapeldunari dagokin maglia azzurra, eta baita zazpigarrenean ere, baina azken etapan ezin izan zion eutsi. Sailkapen nagusian 50. lekuan bukatu du zarauztarrak.