Eguraldi iragarpena tarteko, antolatzaileek aldaketak egin dituzte Ehunmilak eta Goierriko Bi Haundiak (G2H) lasterketetan, eta ultratrail proba luzea ez da eskualdeko lurretatik igaroko. Bi proba horiek bihar, ostiralez, ziren hastekoak, baina Euskalmeten eguraldi iragarpen txarra tarteko, zapatuan izango dira, "lasterkarien eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko" xedez.
Ehunmilakeko partaideak zapatuan 11:00etan irtengo dira Beasaingo (Gipuzkoa) plazatik, eta Tolosaldean eta Goierrin barrena osatuko dute ia ibilbide osoa. Dena den, eskualdean sartu-irtena egingo dute korrikalariek, Errezilgo lurretatik, zehazki Zelatundik igaroko baitira 125 kilometroko ibilbidea osatzeko. Aurtengo edizioan, XIV.ean, distantzia laburtu egin dute –berez 171 kilometro izan ohi ditu lasterketak– eta denbora muga murriztu –31 ordutan osatu beharko dute ibilbidea parte hartzaileek–. Ondorioz, korrikalariak ez dira Gorlatik, Madariagatik, Xoxotetik zein Azpeitiko herrigunetik igaroko.
G2H probaren ezaugarriak mantendu egin dituzte antolatzaileek. Proba hori ere zapatuan hasiko da, 19:00etan hain zuzen, eta lasterkariek 88 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Aurreikusitako moduan, igandean (08:00etan) izango da Marimurumendi mendi maratoia, 42 kilometroa. Hiru lasterketetan eskualdeko lagun batek baino gehiagok parte hartuko du.