Pilota partidak izango dira San Inazio egunez Azpeitian eta Zarautzen. Azpeitian, San Inazio jaietako pilota jaialdia jokatuko dute, eta Zarautzen, Masters CaixaBank udako binakako txapelketako pilota partidak.
Azpeitian Izarraitz pilotalekuan izango dira partidak 21:30ean hasita. Bi herrikideren arteko lehiak irekiko du, gainera, jaialdia: Julen Egiguren Egiguren V.a Erostarbek lagunduta ariko da, eta Unai Alberdi Alberdi II.a Ugartemendiarekin. Jaialdiko partida nagusian, berriz, hiru txapeldun ikusi ahal izango dira kantxan. Altuna III.a buruz buruko txapeldunak nahiz Rezusta binakako txapeldunak osatuko dute bikote bat, eta bestea, Peña II.a sanferminetako lau eta erdiko txapeldunak zein Mariezkurrena II.ak.
Zarautzen, berriz, arratsaldean izango da jaialdia, 17:15ean hasita. Aritzbatalde pilotalekuan Masters CaixaBank txapelketako lehiak izango dira jokoan, txapelketaren bigarren jardunaldikoak zehazki: Jaka-Zabaleta eta Artola-Martija bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago lehia nagusian. Aurreneko partidan, Masters CaixaBank B Serie mailakoan, Agirrek eta Eskuzak osatuko dute bikote bat, eta bestea, Salaberriak eta Arangurenek.
Sarrerak, salgai
Bai Azpeitiko jaialdirako, bai Zarauzko hitzordurako sarrerak salgai daude dagoeneko. Azpeitian, kantxako sarrerak 30 euroan salduko dituzte, eta 25 euroan, goiko solairukoak. Aldiz, Zarautzen, 35 ordaindu beharko dira kantxako sarrerak, eta 25 euro errebotekoak. Honako lotura honetan eskuratu daitezke Azpeitiko sarrerak online, eta honako beste honetan, Zarauzkoak.