Eskualdeko hainbat sukaldari eta jatetxe, Gastronomika Talent sarietako hautagaien artean

Julene Frantzesena 2025ko eka. 30a, 09:31

Azpeitiko Mendizaliek tabernaren ataria.

Epaimahaiak eskualdeko hainbat jatetxe nahiz sukaldari hautatu ditu sarietarako, hala nola Jokin Larrañaga sukaldari azkoitiarra, Zarauzko Masta tabernako nahiz Zumaiako Muina tabernetako kideak, Getariako Elkano jatetxeko Koldo Manterola parrilleroa nahiz Azpeitiko Mendizaliek jatetxea. Hilaren 16an banatuko dituzte sariak, Donostian.

Martxan da Gipuzkoako gastronomian aritzen diren belaunaldi berriak saritzea xede duen Gastronomika Talent sarien aurtengo edizioa, eta epaimahaiak hala erabakita, eskualdeko hainbat sukaldari daude hautagaien artean.

Sukaldari onenaren saria eskuratzeko hautagaietako bat da, esaterako, Jokin Larrañaga Donostiako Astelena 1997 jatetxeko sukaldari azkoitiarra, eta harekin batera, Tolosako Ama jatetxeko Javier Rivero eta Gorka Rico nahiz Donostiako Kai Sushiko Sebastian Pincheira. Bestalde, produktuaren trataeraren sarirako hautagaiak dira Zarauzko Masta tabernako Javier Ochoa, Garikoitz Arruabarrena eta Judit Ayago nahiz Zumaiako Muina tabernako Rocio Maeso, Ander Rodriguez, Amaia Rodriguez eta Mikel Toledo.

Horiez gain, parrillero onenaren saria eskuratzeko hautatutakoen artean dago Getariako Elkano jatetxeko Koldo Manterola; harekin batera izango dira saria eskuratzeko lehian Casa Julian jatetxeko Gabriel Sandoval nahiz Astigarragako Mendizabal jatetxeko Andoni Arranz. Gainera, jatetxe jasangarriaren saria lortzeko hautagaietako bat da Azpeitiko Mendizaliek; Nahia Plazaola eta Julen Berrondo daude saria eskuratzeko hautagaien artean. Haiekin daude hautatuta Ormaiztegiko Kuko jatetxea zein Hernaniko Errioguarda Enea.

Hilaren 16an banatuko dituzte sariak Donostiako Maria Cristina hotelean, eta han izango dira hautagaiak. Aurtengo epaimahaia Elena Arzak, Martin Berasategi eta David de Jorge sukaldariek osatu dute, Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalaritzako presidentearekin, Basque Culinary Centerreko zuzendaritza kide Idoia Callejarekin nahiz Guille Viglione gastronomoarekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide