Sanpedroak ospatzen hasi dira Elkano auzoan

Ihintza Elustondo 2025ko eka. 28a, 08:00

Atzo ekin zieten festei Aia eta Zarautz arteko Elkano auzoan, ume jolasekin eta txupinazoarekin, besteak beste. Gaur eta bihar ere izango da zertaz gozatu.

San Pedro jaietan murgildu da Aia eta Zarautz artean kokatzen den Elkano auzoa. Hain zuzen ere, atzo, ostiralez ekin zieten festei han, eta datozen egunetan ez da faltako ospakizunetarako aitzakiarik. Hain zuzen ere, ume jolasak izan zituzten atzo arratsaldean, eta Gukak haurrentzako txokoa ezarri zuen. Horrez gain, txupinazoa bota zuten 20:00etan, eta, ondoren, parrillada egin zuten auzoko frontoian. Gauean, berriz, Indate DJarekin luzatu zuten festa.

Gaur eta bihar jarraituko dute festekin Elkano auzoan. Hona hemen egitaraua:

  • GAUR, LARUNBATA
    • 08:00. Txupinazoa.
    • 12:00. Pilota partida auzoko gazteen artean.
    • Gero, tortilla lehiaketa eta pintxo banaketa, Amets eta Oihane Etxaide trikitilariek alaiturik.
    • 21:00. Auzo afaria eta erromeria Ostolaza eta Larrañagarekin.
  • BIHAR, IGANDEA
    • 11:00. Ospakizuna, elizan.
    • Gero, Gipuzkoako 4 arroa txapelketaren kanporaketa, Izer eta Alabierrek alaituta.
    • 18:00. Idi demak Etxetxo, Matxain eta Etxaberrekin.
    • 20:00. Erromeria Izer eta Alabierrekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide