86. Donostiako Musika Hamabostaldiak aurkeztu du aurtengo jaialdiaren egitaraua, eta ohi bezala, Urola Kosta eskualdeko herrietara ere iritsiko da. Hain justu, Azkoitian, Azpeitian, Getarian eta Zumaian izango dira emanaldiak; aurreneko bi herrietan Organo Zikloaren barruko ikuskizunak eskainiko dituzte, eta kostaldeko herrietan, Musika Aitzaki programaren barrukoak.
Lehen kontzertua abuztuaren 9an, zapatuan, izango da, Azpeitiko Loiolako santutegian (20:00). Matthieu de Miguel organo jotzaile eta Louna Hienly Carbonel biolin jotzaile frantziarrak izango dira protagonistak han; bikoteak Bach, Kreisler, Guilmant, Widor, Gandrille eta beste hainbat artistaren lanak eskainiko ditu. Azpeitiko emanaldia ikusteko sarrera doakoa izango da.
Abuztuaren 10ean, igandez, Vivalma taldearen kontzertua izango da, Zumaiako San Pedro elizan (20:00). Marta Ramirez biolin jotzaile iruñarrak, eta Marina Cabello zango biolin jotzaile eta Ines Moreno klabezin jotzaile madrildarrek eskainiko dute emanaldia; Numen: la inspiración del artista izeneko ikuskizuna eskainiko dute haiek, Forqueray, Rameau, Marais eta Leclair artisten lanetan oinarrituta. Zumaiako emanaldia ere doakoa izango da ikus-entzuleentzat.
Abuztuaren 13an, asteazkenez, Martin Baker organo jotzaile ingelesaren emanaldia izango da Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan (20:00). Widor artistaren lanak eta inprobisazioak eskainiko ditu hark; izan ere, ezaguna da ingelesa nazioartean inprobisaziorako duen trebeziagatik. Emanaldi hori bertatik bertara ikusteko eta entzuteko sarrera doan izango dute organo zaleek.
Abuztuaren 19an, asteartez, Eñaut Zubizarretak eta Iñigo Xalbadorrek Doodem izeneko lana eskainiko dute, Getariako Cristobal Balenciaga museoan (20:30); Moruk Senegaldik Europara egindako bidaia kontatzen duen ikuskizuna da. Zubizarreta biolontxeloaz, perkusioaz eta ahotsaz arduratuko da, eta Xalbador saxofoi baritonoaz. Dena den, dantzari batek ere jantziko du bi artisten emanaldia. Ikuskizuna hori ikusteko sarrera jarri dute; hain justu, honako lotura honetan eskuratu daitezke 16 euroren truke.