Imanol Arizmendik garaipena lortu du gaur, larunbata, Huescan (Espainia) jokatu den Quebrantauesos proba entzutetsuko 34. edizioan. Azpeitian bizi den txirrindulari azkoitiarrak bost ordu, 27 minutu eta 39 segundo behar izan ditu ia 200 kilometroko lasterketa bukatzeko.
Aurtengo edizioan, 10.000 txirrindulari lehiatu dira Pirinio aragoiarrean jokatzen den lasterketan eta, ohi bezala, lau mendate igo behar izan dituzte beroak ezaugarritu duen proban: Somport, Marie Blanque, Portalet eta Hoz de Jaca. Guztira, 3.500 metroko desnibela du ibilbide gogorrak.
Lasterketaren amaiera, gainera, zoratzekoa izan da: Arizmendi beste sei txirrindulariren kontra lehiatu du esprinta eta, azkenean, bera izan da helmugaratzen lehena.
Lehiaketa amaitu ostean, zendu diren lagunak ekarri ditu akordura azkoitiarrak. "Iñaki gogoratu nahi dut, zeina kamioi batek harrapatu zuen. Eta herriko beste lagun bat ere gogoan izan nahi dut, Xako, hura ere harrapatu egin dute. Hemen egon behar zuten biek, baina ziur guri begira daudela dauden tokian daudela", adierazi du.
Bigarrenez txapeldun
Imanol Arizmendik bigarrenez lortu du garaipena Huescaco lasterketan, txapeldun izan baitzen 2022ko edizioan ere. Orduko hartan, bere laugarren Quebrantahuesosa korritu zuen, bost ordu, 32 minutu eta 12 segundoko denboran. Hiru urte geroago, denbora hura hobetu du, eta lehiaketa bi aldiz irabazteko mugarria lortu.