Bihar eta etzi artean iritsiko da eskualdera Donostiako Elizbarrutiaren jubileu ibilaldia

Andoni Elduaien 2025ko eka. 19a, 15:53

Loiolako santutegian egingo dute bihar geldialdia. (Donostiako Elizbarrutia)

Azpeitia eta Zarautz dira ibilaldiko puntu nagusietako bi. Bihar arratsaldean iritsiko da ibilaldia Azpeitira, Loiolako santutegian geldialdia, eta herriko parrokian meza egingo baitituzte. Larunbatean lotuko ditu ibilaldiak Azpeitia eta Zarautz, eta bigarren herri horretako parrokian ere meza izango da arratsaldean.

Kristauen urte santua edo jubileu urtea dela aintzat hartuta eta Donostiako Elizbarrutiaren 75. urteurren ekitaldien barruan, jubileu ibilaldia hasi dute gaur, osteguna. Itxaropenean erromes lelopean, Arantzazuko santutegia eta Donostiako Artzain Onaren katedrala mendiz lotuko dituzte lau egunetan zenbait erromesek, egun bakoitzean Gipuzkoako herri bat beste batekin lotuz. Hain justu, lau etapa horietako biren geldialdiak egingo dituzte Urola Kostan. Bihar, ostirala, Loiolako santutegira iritsiko dira erromesak, eta etzi, zapatua, Zarautzera.

Gaur, Arantzazuko santutegiko kriptan egin diete erromesei ongietorria, eta otoitz egin ondoren, Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusi azpeitiarrak egin die guztiei bideari ekiteko gonbita. Brinkolara (Legazpi, Gipuzkoa) abiatu dira bazkaria egitera, baina bidean hamaiketakoa ere egin dute. Bazkaltzeko tartea hartuta, Zumarragako (Gipuzkoa) Andre Mariaren Zeruratzearen parrokian amaituko dute gaur lehen etapa, 17:00 inguruan. 19:00etan, berriz, meza egingo dute parroki horretan bertan. 

Bihar eta etzi artean zapalduko ditu ibilaldiak Urola Kostako lurrak. Zumarragako parrokia paren ekingo diote etapari bihar 08:00etan. Aurrena, hango Antiguako baseliza bisitatuko dute, eta hori hala, 14:00 alderako espero dira partaideak Azpeitiko Loiolako santutegian. Jesuitek egingo diete harrera ibilaldia osatzen ari diren erromesei; ate santua igaroko dute guztiek aurrena, eta gero, Loiolan bertan bazkalduko dute. 15:30 inguruan ibilaldiaren bigarren etapako azken metroak egingo dituzte Azpeitiko Soreasuko Sebastian Deunaren parrokiara arte. Gaur Zumarragan egingo duten moduan, bihar ere meza izango da 19:00etan, Azpeitian.

Ibilaldiko hirugarren etapak Azpeitia eta Zarautz lotuko ditu zapatuan. Lau etapetako luzeena izango da bi horien artekoa, 24 kilometrokoa, hain zuzen. 08:00etan aterako dira Azpeitiko parrokia aurretik ibiltariak, eta Zarautzera bidean, Iraeta, Oikia eta Santa Barbara igaroko dituzte; Iraetan hamaiketakoa egingo dute, Oikian bazkaria eta Santa Barbaran bazkalosteko geldialditxoa. Zarautzen ere 19:00etan izango da zapatuan meza, Andre Mariaren Zeruratze parrokian. 

Igandean, Zarautz eta Donostia arteko bidea egingo dute ibilaldiko partaideek. 08:00etan aterako dira horiek guztiak herriko parrokia paretik, otoitza egin eta gero. Donostiara bidean, Orioko San Martin ermitan egingo dute hamaiketakoa, eta bazkaria, Igeldon. 15:00 inguruan abiatuko dira ibiltariak Donostiarantz handik; izan ere, antolatzaileek adierazi dutenez Donostiako parrokia ezberdinetako lagunak ibilaldira batuko dira 15:45ean Ondarreta auzoko Ezeiza hotelaren parean, ibilaldiaren azken kilometroak elkarrekin osatzeko. 17:00etan, berriz, meza egingo dute Artzain Onaren katedralean, baina, aurrez, hango ate santutik igaroko dira erromesak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide