Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) abian du udaro martxan jarri ohi duen Bertatik bertara kanpaina. Atzo, asteazkena, abiatu zuten irailaren erdialdera arte luzatuko den kanpaina, bisitariak, bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzea xede duena.
Udalerri euskaldunen "nortasuna egokien islatzen duena euskara" dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera; izan ere, beste urte batez eskualdez eskualde zabalduta dauden hainbat garapen agentziak egin dute bat UEMAren kanpainarekin.
Ohi bezala, askotariko euskarrien bidez eskainiko dizkie mankomunitateak bertako kide diren 118 udalei baliabideak. Esaterako, 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte udalerri horietako ostalarien artean; "gurea euskararen herria" dela nabarmentzen duen diptikoa zabalduko dute turismo bulegoetan eta bisitariak hartzen dituzten guneetan; eta merkatariek nahiz ostalariek zerbitzua euskaraz emateko baliabideak jasoko dituzte.
Kanpaina ahalik eta gehien zabaltzeko helburuarekin, askotariko euskarrietara zabalduko du hura UEMAk. Mahai-gainekoetan, bisitarientzako oinarrizko hiztegiaz eta euskarazko musika zerrenda batera bideratutako QRaz gain, kanpainaren nondik norakoa azaltzen duen testu labur bat ere txertatu dute.
Gainera, sei euskal herritarren bideoetarako QRak ere biltzen ditu mahai-gainekoak, azalpenak sei hizkuntzatan entzun ahal izateko. Hain justu, sei lagun horietako bi Urola Kosta eskualdekoek eman dituzte. Euskarazko azalpenak Leioan jaio baino Azpeitian bizi den Mari Marronek eman ditu, eta galegoz aritu da Zarautzen jaio baina gurasoak galiziarrak dituen Begoña Reyk.
Beste zenbait baliabide
Mahai-gainekoez gain, bestelako baliabideak ere eskaini ditu UEMAk udalerri euskaldunetan. Batetik, turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatuetan, landetxeetan eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak prestatu ditu, mahai gainekoan agertzen diren sei euskal herritar horien hizkuntzetan, kanpainaren berri emateko. Bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegi laburra ere biltzen du, besteak beste.
Bestetik, merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko ordezkariei zerbitzua euskaraz eman ahal izateko esku-orri bat eskaini die mankomunitateak udalerriei. "Zerbitzua euskaraz ematearen garrantzia" azaltzearekin batera, kartelak, menuak eta gainerakoak euskaraz jartzeko itzulpen eta diseinu zerbitzua eman diete horiei guztiei, baita euskarazko musika zerrendak eta online hiztegiak eskaini ere.
Era berean, kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du UEMAk: