Zumaiako nahiz Azpeitiko hainbat korrikalarik domina zintzilikatu zuten lepoan atzo, igandez, Usurbilen jokatu zuten Uxue Trail mendi lasterketa solidarioan. Azpeitiarren artean, urrea erdietsi zuen Unai Martinezek, eta zilarra Olatz Salaberriak. Jokin Gijarro, Garazi Artola eta Jule Olaizola zumaiarrek, halaber, hirugarren postu bana lortu zuten kategoria desberdinetako probetan. Gaixotasun arraro bat duen Uxue usurbildarraren omenez antolatu zuten lasterketa bosgarrenez, eritasuna ikertzeko dirua eta babesa lortzeko helburuz.
Korrikalariek bi lasterketa izan zituzen aukeran, bat 12 kilometrokoa eta bestea 21 kilometrokoa. Lasterketa motzean 230 pertsonak lortu zuten helmugaratzea, eta luzean, berriz, 74k. Podiumera igotzea erdietsi zuten korrikalari azpeitiarrek mendi lasterketaren ibilbide luzea egin zuten, eta Andatza mendia inguratu ostean iritsi ziren helmugara. Unai Martinezek 1:44:05ean gelditu zuen kronometroa, eta Olatz Salaberriak 2:11:12ko denboran osatu zuen ibilbidea.
Proba berdina egin zuten Jokin Gijarro oikiarrak eta Garazi Artolak ere. Lehenengoak 1:46:45eko denbora egin zuen, eta bigarrenak 2:17:29koa. Jule Olaizolak, aldiz, 1:22:26ko denboran osatu zuen 12 kilometroko lasterketa.
Kronoak.eus webgunean ikus daiteke Uxue Trail mendi lasterketako sailkapen osoa.
Jexux Zelaia, Espainiako txapeldun
Jexux Zelaia Lagun Onak mendi bazkunako korrikalariak garaipena lortu zuen igandean Villanuan (Huesca, Espainia) jokatu zen Espainiako Kilometro Bertikaleko Txapelketan. Zehazki, beteranoen C1 mailako irabazlea izan zen, hots, 60 urtetik gorakoen artean azkarrena eta, beraz, kategoria horretan Espainiako txapeldun izan zen. Collarada mendian jokatu zen proba, eta 5,5 kilometro eta 1.000 metroko desnibela zuen igoera 56:05:6ko denboran osatu zuen.
Halaber, Ibai Angulo eta Oier Etxeberria azpeitiarrek nahiz Peio Ziarsolo errezildarrak ere Espainiako Kilometro Bertikaleko Txapelketa jokatu zuten, Euskal Selekzioaren elastikoa jantzita. Lasterketa nagusian lehiatu zen Etxeberria, promesen kategorian Angulo eta jubeniletan Ziarsolo.
320 korrikalarik baino gehiagok parte hartu zuten Kilometro Bertikaleko Espainiako Txapelketarako puntuagarria zen 2K proba bertikalean.
Ehun korrikalarik parte hartu zuten gizonezkoen lasterketa nagusian, eta 32. postuan helmugaratzea lortu zuen Oier Etxeberriak, 48:54:6ko denbora eginda. Ibai Angulo ez zen podiumetik urruti ibili, seigarren iritsi baitzen metara, 47:29:1eko denbora eginda. Peio Ziarzolok, halaber, 51:19:5eko denboran osatu zuen proba, eta zortzigarren egin zuen jubenilen kategorian.