Elkarrekin Eraikitzen egitasmoaren ikasturte amaierako ekitaldia egin dute

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 13a, 14:34

Ikasleak BegoƱa Beobide Iraurgi Berritzenen zuzendariari adi, gaur, Basazabalen. (Iraurgi Berritzen)

Azpeitiko eta Azkoitiko DBHko eta Batxilergoko ikastetxeak bailarako eragile sozioekonomikoengana hurbildu ditu hamabigarrenez Iraurgi Berritzenek sustatutako proiektuak.

Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeetako zein udaletako ordezkariak eta eskualdeko hainbat eragile sozioekonomiko Basazabal jauregian elkartu dira gaur goizean, Elkarrekin Eraikitzen egitasmoaren hamabigarren aldiaren ikasturte amaierako ekitaldian.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziak dinamizatzen duen IB Hezkuntza eta Eragile saretik abiatuta, Azpeitian eta Azkoitian DBH eta Batxilergo ikasketak eskaintzen dituzten bost ikastetxeetako ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoa ezagutzeko bidea errazteko sortu zuten Elkarrekin Eraikitzen. 2024-2025 ikasturtean, Azkoitia BHIko, Floreaga salestar ikastetxeko, Iraurgi ikastetxeko, Ikasberri ikastolako eta Urola ikastolako 300 bat ikaslek eta hamabost irakaslek, eta bailarako arlo sozioekonomikoko 30 eragilek parte hartu dute, Iraurgi Berritzenek koordinatuta.

Ikasitakoak eta ondorioak

Elkarrekin Eraikitzen egitasmoan, elkarrizketak zein lantokietara bisitak eginez, eragile sozioekonomiko jakinen errealitatea gertutik ezagutzeko aukera dute ikasleek, bidez batez beren autonomia, ekimena, taldean lan egiteko zein komunikazio gaitasunak landuz.

Bi ataletan banatuta egin dute gaurko amaiera ekitaldia. Ikasleek prozesuan zehar izandako esperientzia eta bizipenak aurkeztu dituzte, batetik; eta, ondoren, egitasmoan parte hartzearen hainbat ondorio jarri plazaratu dituzte, euren arteko mahai inguruan. Eragileekin izan dituzten harremanak eta egindako bisitak "oso interesgarriak" izan direla izan da ondorioetako bat, prozesuan landutakoak egin dizne ekarpena ere nabarmendu dute ikasleek, eta datozen ikasturteetan egitasmo berean ariko diren ikasleei zuzendutako "gomendio bat" ere eman dute: "Esango genieke lotsarik ez izateko eragileekin harremanak izaterako orduan, oso baliagarria da eta".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide