"Turismoaren negozioaren aurka", Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak dinamika bat jarri dute martxan, eta hori aurkezteko bilera irekiak egingo dituzte Zumaian eta Zarautzen. Zumaiako aurkezpena bihar izango da, Etxape Zentro Sozialistan, 18:30ean. Zarauzkoa, berriz, larunbatean izango da, hilak 14, Hiruputzu Gaztetxean 10:30ean hasita.
Talde sozialistak azaldu duenez, "gure herriak izugarrizko irabazi iturri dira turismotik negozioa egiten dutenentzat". "Postaletako hirien atzean", ordea, bertako langileen "miseria eta esplotazioa" ezkutatzen dira, eta gentrifikazioa ere "indartzen" du aipatutako negozioak. Horrek, gainera, prezioen "garestitzea" dakar, eta etxebizitzetarako sarbidea "izugarri" zailtzen du, "askotan herritik alde egin behar izateraino". Bestetik, turismoari lotutako lanetan "prekaritatea nagusi" dela gehitu du Kontseilu Sozialistak, eta politikariek, gainera, turistifikazio prozesu hau "baimendu eta bultzatu" egiten dutela, "enpresari eta jabeen interesei men eginez". Gai horietaz hausnartzeko eta antolatzen hasteko deitu dute bilera.