Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa azken txanpara iristen ari da eta eskualdeko bi herrik besterik ez dute jarraitzen lehian bizirik: Zestoak eskuz eta Aiak gomazko paletan, txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte.
Azkoitiak eta Azpeitiak, aldiz, final laurdenetan esan diote agur eskuzko lehiari: Beasainek kanporatu ditu Oteiza klubekoak; eta egungo txapeldunak, Oiartzunek, IIunpekoak; 4-2 izan da bi kanporaketen emaitza. Gomazko paletan ere final laurdenen langa ezin izan du gainditu Azkoitiak: Astigarrak 4-2 hartu ditu mendean Azkoitiko palistak.
43 urte eta gero, balentria
1980eko hamarkadaren hasierako lorpena berritu du Zestoak aurten. Izan ere, duela 43 iritsi ziren Zestoako pilotariak Gipuzkoako Herriartekoaren finalaurrekoetara, eta 2025ean ere finalerako txartela jokatzeko aukera izango dute; egungo txapelduna, Oiartzun izango da Abantzu klubekoen aurkaria txapelketaren azkenaurreko koxka horretan.
Final laurdenetan Bergara kanporatuta lortu du Zestoak finalaurrekoetara sailkatzea. Zestoan maiatzaren 31n jokatutako joanekoan 2-1 irabazita eta hamar tantoren aldearekin egin zion aurre Zestoak itzulerakoari Bergaran, joan den ostiralean, eta etxeko lanei esker lortu dute Abantzukoek kanporaketa gainditzea. Izan ere, Bergara nagusitu zen 2-1 ostiralean. Joanekoan bezala, Zestoak garbi irabazi zuen kadeteetan (3-22 irabazi zuten Urrestillak eta Zabalak), eta garbi galdu jubeniletan (22-3 galdu zuten Azkuek eta Uriak). Nagusien neurketan, ordea, joanekoan ez bezala, galdu egin zuen Zestoako Odriozolak eta Sasiainek (22-19). Horrenbestez, tanteoak erabaki zuen kanporaketa, eta denera bost tanto gehiago eginda, Abantzukoentzat izan zen finalerako txartela.
Egunak eta orduak zehazteke, asteburu honetan Zestoan jokatuko dute Oiartzunen kontrako finalaurrekoaren joanekoa; eta hurrengoan Oiartzunen, itzulerakoa.
Estreinakoa gaindituta
Gomazko paletako lehian, final laurdenetan ekin dio Herriartekoari Aiak, eta estreinako kanporaketa gaindituta, finalaurrekoetarako pausoa eman dute Aiako palistek.
Lasarte-Orian jokatutako joanekoan 0-3 nagusituta, abantaila ederrarekin jokatu zituzten itzulerako neurketak Aiako Pala Taldekoek larunbatean; eta berriro nagusi izan ziren, baina 2-1eko emaitzarekin. Iban Aldalurrek galdu egin zuen frontoi osoko buruz burukoa (20-9), baina beste bi partidak etxekoentzat izan ziren: Aranberrik eta Zubillagak 20-8 irabazi zuten binakakoa, eta Iker Lizasok 20-15, zazpi koadro barruko buruz burukoa.
Astigarragarekin neurtuko ditu indarrak Aiak finalaurrekoan. Joanekoa Aian jokatuko dute, datorren igandean.
Zumaia, finalera
Zesta puntako ligaxkaren barruko bosgarren jardunaldian, Zumaiak 2-1 gainditu zuen atzo Hondarribia Aitzurin; horrenbestez, ligaxkako hirugarren garaipena poltsikoratu dute Zumaiakoek, eta horrekin batera, baita ekainaren 22ko finalerako txartela ere. Ligaxkaren seigarren eta azken jardunaldian atseden hartuko du Zumaiak.
Atzo, Silveti eta Watkins kadeteek 30 eta 12 emaitzarekin irabazi zuten. Jubeniletan, berdindu egin zuen neurketa Hondarribiak, 18-30 irabaziz Enbili eta Goñiri. Seniorren partidan erabaki zen, beraz, jardunaldia, eta lehia estua izan zuten hor Zumaiak eta Hondarribiak. Azkenean, etxean utzi zuten garaipena Agirre eta Uranga zumaiarrek (30-28).