Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak urtero ematen duen Guztiok Mugituz saria jaso du gaur, ostirala, Azkoititik Donostiara artean zerbitzua ematen duen Azkoitiko La Guipuzcoana autobus enpresak. Donostiako Aquariumean egin dute sari banaketa ekitaldia, eta Azahara Dominguez diputatuaren eskutik jaso du negozioa kudeatzen duen Iraeta familiak oroigarria. Haiez gain, Miguel Angel Paez Azpiegitura eta Mugikortasun Iraunkorreko sailburuordeak zein Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak ere parte hartu dute ekitaldian.
Mendeurrena bete du aurten La Guipuzcoanak, eta ehun urteotan Gipuzkoan "lurralde-kohesioa, aukera-berdintasuna eta aurrerabidea" eraikitzen enpresak izan duen "protagonismoa" aitortu du aldundiak sariaren bidez. Hain zuzen, enpresaren ikuspegi "aitzindaria" azpimarratu du Dominguezek bere hitzartzean: "Mugikortasuna luxu bat izan beharrean, oinarrizko eskubide bat izan zitekeela ikusten jakin zuen enpresak. Pertsona guztiek, bizi ziren lekuan bizi zirela, zerbitzuak, enplegua, hezkuntza eta gizarte-bizitza eskura izango zituztela bermatzea ezinbestekoa zela ulertu zuten. Eta hori egin zuten garraio publikoaren alde eginez, eredu jasangarri, irisgarri eta solidario gisa".
Era berean, batez ere Urola Erdian "motor ekonomikoa" izan dela gaineratu du hark, ehun urtez "kalitatezko enplegua eta aberastasuna" sortu duelako. Horrez gain, garraio publikoaren aldeko deia luzatzeko probestu du hitzartzea: "Guztiok baldintza berdinetan eskura izango dugun mugikortasun eredu bat sendotzen jarraitu nahi dugu, eta hala izan dadin beharrezkoak diren baliabideak inbertitzen jarraituko dugu".
Jose Luis Iraetak enpresako administratzaileak hitz egin du enpresaren izenean. Hark nabarmendu du bere enpresak "beti" jakin izan duela "bidaiariei garraio zerbitzua emateko bokazioa, etengabeko konpromisoa zein zaintza eta hobetzeko borondatea" eskatzen dituen gaineko erantzukizuna izaten. "Horregatik, ibilgailuen segurtasuna, gidatzearen profesionaltasuna, bidaiarien ongizatea eta gure jarduera garatzen den inguruen iraunkortasuna dira jardueraren giltzarriak", adierazi du.
Bestalde, eskerrak eman dizkie "mendeurreneko bidaian" La Guipuzcoana lagundu duten pertsona zein erakunde guztiei. "Sari honek motibatu egiten gaitu kalitatezko zerbitzu hurbil, jasangarri eta gizatiar batean aurrera egiten jarraitzeko, non pertsonak baitira arreta-gune eta haien ongizatea helburu".
Iaz, Ziztuk
Iaz ere Urolan geratu zen aldundiak urtero banatzen duen Guztiok Mugituz saria. Izan ere, bailarako herrietatik Bizkaiko unibertsitate campusetara garraio zerbitzua ematen duen Ziztu elkarteak jaso zuen aitortza hori, hark egindako lan "altruista eta desinteresatuagatik".