Euskal Duatloiaren txapel nagusia jokoan izango da igandean Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 5a, 10:25

Lehen Mailako IV. Euskal Duatloiaren finalaren aurkezpeneko irudia. (Euskatloia)

Hamabi kirolarik neurtuko dituzte indarrak zezen plazan (17:30), tartean Bigarren Mailako txapela jantzi duen Txikia IV.a azkoitiarra eta Joseba Otaegi Getariako bizilaguna. Atzoko aurkezpenean zehaztu zuten finaleko hiru txandetako bakoitzean nortzuk ariko diren.

Lehen Mailako IV. Euskal Duatloiaren finalerako dena prest dute antolatzaileek. Igandean, maiatzaren 8an, 17:30ean hasita jokatuko dute finala Azpeitiko zezen plazan, eta hitzordu horren gaineko xehetasun guztien berri eman zuten atzo Donostian eginiko aurkezpen ekitaldian.

Hamabi kirolari plazaratuko dira igande arratsaldean txapelaren bila: iaztik txartela eskutan zuten Ugaitz Mugertza, Oier Kañamares, Arkaitz Jauregi, Ibai Soroa, Julen Kañamares eta Xabier Zaldua; eta joan den maiatzaren 24an Azpeitian bertan jokatutako Bigarren Mailako Euskal Duatloiaren finaleko lehen sei sailkatuak. Final nagusirako sailkapen saio ere izan zen hartan nagusi izan zen Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, eta harekin batera lortu zuten final nagusirako txartela Eneko Saralegik, Jokin Urretabizkaia Basozabal-ek, Joseba Otaegik, Xuban Kañamaresek eta Eloy Corcherok.

Aurreko hiru finalak irabazi dituztenak zezen plazako finalean izango dira aurten ere: Ugaitz Mugertza hirugarren txapelaren bila irtengo da, eta bigarrena janzten ahaleginduko da Eneko Saralegi.

Txandak, erabakita

Hiru txandatan eta launaka banatuta lehiatuko dira kirolariak finalean eta, hain zuzen ere, atzoko aurkezpen ekitaldia baliatu zuten txanden zozketa egiteko; lehen txandan aritzea egokitu zaio Otaegiri, eta azkenekoan lehiatuko da Txikia IV.a.

Honela osatuko dituzte igandeko hiru txandak:

  1. txanda: Ugaitz Mugertza, Arkaitz Jauregi, Eneko Saralegi eta Joseba Otaegi.
  2. txanda: Oier Kañamaren, Ibai Soroa, Xabier Zaldua, Xuban Kañamares.
  3. txanda: Julen Kañamares, Julen Alberdi, Jokin Urretabizkaia eta Eloy Corchero.

Formatu berriarekin gustura

Bigarren Mailakoan estreinatu zuten formatu berriarekin jokatuko dute finala ere. 45 ontzako enbor bat etzanda eta neurri bereko beste bat zutik ebaki ondoren, 500 metro korrika egin beharko dituzte kirolariek, lan bera segida berarekin lau aldiz errepikatuz.

Antolatzaileek "positibotzat" jo dute aurtengo berrikuntza nagusia den formatu aldaketaren lehen emaitza, maiatzaren 24an ikusitakoaren arabera: "Izugarrizko lehia ikusteko aukera izan genuen, eta igande honetan Irabazlea nor izango den argitzeko ziurgabetasuna areagotu zaigu. 2025eko maila sekulakoa da eta txapela oso-oso garesti dago. 11 trantsizioek lanaren zailtasuna handitzen dute, eta kirolarien indarrak eta etxeko lanak agerian utziko dizkigute", adierazi zuten aurkezpenean.

Ordutegiak

Datorren igandean, 16:00etan irekiko dituzte zezen plazako leihatilak –sarrerak 25 eurotan salduko dituzte–, eta 16:30ean zabalduko dituzte zezen plazan sartzeko ateak; ordu berean egingo dute, halaber, kaleen eta egurren zozketa.

17:30ean kirolariak aurkeztu, eta segidan hasiko da lehen txanda. 18:10ean hasiko da bigarren txanda, 18:45ean hirugarrena eta azkena, eta 19:10erako aurreikusi dute antolatzaileek sari banaketa ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide