Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Kopako finalak jokatuko dituzte eskualdeko ordezkariek

Andoni Elduaien 2025eko ekainaren 4a

Txapelketako partida bat. (Gael elkartea)

Errezilgo, Aizarnazabalgo eta Arroabeko talde banak jokatuko du finalen bat zapatuan. Guztira, zortzi partida jokatuko dituzte Bidania-Goiazko pilotalekuan. Egun osoan zehar izango dira han areto futbol partidak. 

Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Kopako finalak jokatuko dituzte datorren zapatuan, ekainak 7, Bidania-Goiatzen (Gipuzkoa). Herri horretako pilotalekuan jokatuko dituzte finalak, baina areto futbol partidaz gain, egun guztiko festa egingo dute han, eguna herri afari batekin borobilduz. Guztira, zortzi partida jokatuko dituzte Bidania-Goiatzen, tartean gizon gazteen zein helduen eta emakumeen finalak. 

Eskualdeko ordezkariek ere parte hartu dute lehian, hala nola Errezilgoek, Aizarnazabalgoek, Arroabekoek. Hain justu, gazteen kopako finala jokatuko du Aizarnazabalek, helduen B kopako finala Errezilek, eta emakumeen arteko finala lehiatuko dute Aizarnazabalek eta Arroabeak. Arratsaldean zehar, zozketak egingo dituzte, eta behin partida denak jokatuta, 20:30ean sari banaketa egingo dute kirol munduko aurpegi ezagunekin.

Liga amaitu eta gero, apirilaren 11n hasi zuten kopa txapelketa, eta bi mailatan banatuta, zortzi taldek parte hartu dute lehian. A mailan aritu dira Bidania-Goiatz, Itziar, Leaburu-Txaramako Uzturre eta Ikaztegietako Kutturru taldeek, eta, aldiz, B mailan, Itsasondoko Ijitok, Ikaztegieta, Errezil eta Arroa Behea taldeak. Itzuli bateko ligaxka jokatu dute, eta onenek lortu dute kopa txapelketaren azkeneraino iristea.

Hona hemen zapatuko egitaraua: 

  • 10:00. Gazteen kopako 5. eta 6. postuak: Bidania-Goiatz vs Itsasondo.
  • 11:00. Gazteen kopako 3. eta 4. postuak: Errezil vs Betelu.
  • 14:45. Gazteen kopako finala: Berrobi vs Aizarnazabal.
  • 15:30. Gizon helduen B kopako 3. eta 4. postuak: Itsasondoko Ijitok vs Arroabea.
  • 16:30. Gizon helduen B kopako finala: Errezil vs Ikaztegieta.
  • 17:30. Gizon helduen A kopako 3. eta 4. postuak: Leaburu-Txarama vs Itziar.
  • 18:30. Gizon helduen A kopako finala: Bidania-Goiatz vs Ikaztegietako Kutturru.
  • 19:30. Emakume helduen finala: Aizarnazabal vs Arroabea.
  • 20:30. Sari banaketa ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide