Oriok denboraldiko hitzordu nagusietako bat hartuko du bihar: Gipuzkoako Traineru Txapelketa. 10:30ean hasiko dira lehiak, eta hiru estropada jokatuko dituzte: beteranoena, gizonezko absolutuena eta emakume absolutuena. Estropadak itsasoan jokatuko dituzte, eta sari banaketa, berriz, Herriko Plazan egingo dute, estropada guztiak amaitzean.
Beteranoetan, Badok13 beteranoen arraunketa elkarteak, Zumaiak, Fortunak eta Illunbek jokatuko dute Gipuzkoako bandera.
Gizonen proba nagusian, Kaiarriba, Getaria, Hibaika, Hondarribia, Larrun Kosta, Orio, Pasai Donibane Koxtape, Sanpredotarra, Zarautz eta Zumaia ariko dira nor baino nor gehiago.
Azkenik, emakumeenean honako beste hamar ontzi hauek uretaratuko dira: Kaiarriba, Arraun Lagunak, Hernani, Hibaika, Hondarribia, Orio, Pasai Donibane Koxtape, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia.
Traineruek Orioko kanpoko barra parean izango dute irteera puntua, eta Zarautz alderantz egingo dute arraun. Emakumezkoek eta beteranoek bi luze egingo dituzte arraunean, guztira 2.278 metro. Gizonezkoek, berriz, lau luze egingo dituzte, 5.556 metro osatzeko.
X. Garagardo Azoka Herriko Plazan
Herriko Plazan X. Garagardo Azoka ospatzen ari dira aurreko asteburuan eta honetan, eta hala, bihar itsasoan ez ezik, herrigunean ere arraun giroa izango da nagusi. Hainbat garagardo mota dastatzeko aukeraz gain, jateko natxoak guakamolearekin, saltxitxak patata purearekin eta txerri ukondoa emango dituzte.
Biharko ekitaldi nagusia Gipuzkoako Traineru Txapelketa izango da, eta gaurkoa, berriz, Orio Arraunketa Elkarteko traineu eta arraunlarien aurkezpena. 12:00etan izango da hitzordua, Herriko Plazan. 21:00etan, berriz, DJ Hidalgok girotuko du gaua bere musikarekin.