43 urteko gizon batek 13 urteko alaba hil du bart, eta ondoren, bere buruaz beste egin du, Bilboko Udaltzaingoak zabaldutako informazioaren arabera. Hilketa salatzeko gaur-biharretan hainbat mobilizazio egingo dituzte eskualdean. Itaiak gaur arratsalderako egin du deia Azpeitian eta Zestoan. Azpeitian, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan egingo dute protesta 18:45ean hasita; Zestoan, berriz, 19:00etan elkartuko dira plazan.
Azpeitiko Feministen Sareak antolatuta, berriz, bihar eguerdian egingo dute mobilizazioa. Hori ere Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan izango da, 12:30ean. Azpeitiko Udalak ohar bat kaleratu du hildakoaren senide eta gertukoei elkartasuna adieraziz eta hilketa matxista gaitzetsiz, eta Feministen Sareak antolatutako elkarretaratzearekin bat egin du.
Berri agentziek jakinarazi dutenez, adingabearen gurasoek eztabaida bortitza izan dute goizaldean, familiaren etxebizitzan, Larraskitu auzoan. Amak etxetik ihes egitea lortu du eta Udaltzaingoari deitu dio, alabaren bizia arriskuan zegoela ikusita. Poliziak etxebizitzara sartu direnean, adingabearen hilotza aurkitu dute, maindire artean estalita, eta aita komunean, hura ere labanaz zaurituta. Ama Basurtuko ospitalera eraman dute, zaurituta. Ertzaintza ikertzen ari da indarkeria bikarioa ote den.