Kutxa Fundazioak antolatzen duen Inspira Gazteak sariak baditu jadanik bere hamabost finalistak, eta horietako hiru eskualdekoak dira: Nekane Azpiazu eta Xanti Agirrezabala azpeitiarrak eta Ainhoa Bereziartua errezildarra.
20 eta 30 urte arteko gazteen talentua babestea, ikusaraztea eta balioa ematea ditu helburu Kutxa Fundazioaren sariak. Ekainaren 26an jakinaraziko dituzte bost irabazleak zein diren, Tolosako TOPIC zentroan egingo duten sari banaketa ekitaldian. Irabazle bakoitzak 15.000 euroko diru saria jasoko du, ibilbidea garatzen jarrai dezan. Orotara, 120 proiektu jaso ditu aurtengoan Inspira Gazteak sarietako epaimahaiak.
Arte eszenikoaren ertz desberdinak
Xanti Agirrezabala 27 urteko azpeitiarra da hamabost finalistetako bat. Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako eskolan graduatu zen, eta azpeitiarraren ibilbide profesionala hiru jardun nagusitan banatzen da: heziketa eszenikoa eskaintzen du antzerki tailerrak eta sormen laborategiak gidatuz; sorkuntza eszeniko propioak garatzen ditu –bost antzezlan profesional ekoitzi ditu 2019tik hona–; eta aurreko bi ildoak uztartuta, antzezlanak meditazio artistikoko tresna bihurtzen ditu.
Norena (ez) den hiria
Hiru erro nagusik osatzen dute Nekane Azpiazuren ibilbidea: praktika akademikoak, praktika profesionalak eta sormen praktikak. Egun, Espezie anitzeko bizikidetza eraikitako ingurunean izenburua duen tesia garatzeko lanetan ari da. Lan horretan, hirien orain arteko diseinuaren eredua zalantzan jarriko du azpeitiarrak. Azpiazuren ustez, pandemiak agerian utzi zuen gizakia ez dela hirietako biztanle bakarra, eta pertsonek munduarekin duten harremana birpentsatu beharra dagoela uste du. Horregatik, hirietan espezie guztien arteko bizikidetza orekatu bat diseinatzeko proposamen bat ondu nahi du tesiarekin.
Dibulgatzaile ibiltaria
Ainhoa Bereziartuaren proiektuak zientzia dibulgazioaren eremu tradizionalak gainditu eta zientzia eguneroko espazioetara hurbiltzea du helburu. Errezildarrak Biomedikuntza ikasi zuen Bartzelonan, eta han toxikologiarekiko eta epidemiologiarekiko sortu zitzaion jakin-mina Zestoako Sastarrain baserri eskolan eta Australiako aguakate landaketa batean asetu zituen. Horrela, One Health ikuspegian –gizakien, animalien eta ekosistemaren osasunaren arteko loturak lantzen dituen zientzia– espezializatu zen, Utrechteko Unibertsitatean nazioarteko master bat eginda.
Ikuspegi horrekin, hiri osasunari buruzko informazioa eguneroko espazioetara zabaltzea da Bereziartuaren helburua, eta horretarako, erakusketa proiektu ibiltari bat garatzen ari da. Erakusketaren bitartez, airearen kutsadurak, zaratak, berdeguneak ala hirietako bestelako ezaugarriek pertsonen osasunean nola eragiten duten ezagutaraztea du xede.