Garbiketa eta kontzientzia, karsta zaborraz libratzeko

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 28a, 08:58

Uxue Lasa espeleologoa. (Utzitakoa)

Eremu karstikoetako zaborra garbitu eta eragiten dituen kalteak ezagutzera ematen ditu Lurpea Garbi elkarteak. Pasa den astean hitzaldia eman zuen Azpeitian, eta egiten duten lanaren berri eman du Uxue Lasa elkarteko lehendakariak.

Kobazuloetako eta simetako hondakindegiak alfonbra azpiko hautsaren parekoak direla dio Uxue Lasa espeleologo eta Lurpea Garbi elkarteko lehendakariak (Getaria, 1984): "Ez dugu ikusten, baina gure buruari harrika gabiltza".

Espeleologoz osatutako "lagun taldea" da Lurpea Garbi, Lasaren hitzetan. "Ikusi genuen kobazuloetan zabor pila bat dagoela, eta horri irtenbidea eman nahi genion", azaldu du. Horrela, bide desberdinetatik aritzen dira irtenbide horren bila: batetik, garbiketak antolatzen dituzte, normalean auzolanean. Bestetik, garbiketa horietan aurkitutako hondakinak jaso eta herritarrentzako ikusgarri jarri ohi dituzte, kontzientzien pizgarri izan daitezkeelakoan. Hala egin zuten maiatzaren 20an Azpeitiko Mendietxe museoan, Zaborraren eragina ingurune karstikoan izenburupean eskaini zuten hitzaldi eta erakusketaren bidez. Bertan izan zen Uxue Lasa, Eneko Agirre biologoarekin eta Inma Mugertza hidrogeologoarekin batera.

"Ez dugu ondo ezagutzen bizi garen lekua, horregatik, gustatzen zaigu jendeari azaltzea zergatik diren horren garrantzitsuak horrelako proiektuak. Helburua da jendeari erakustea non bizi garen, eta informazioa biltzeko ere oso ondo datorkigu, zeren batzuetan etortzen zaigu ehiztari bat, edo baserritar bat, esanez ezagutzen dutela zulo bat. Azpeitian ere jaso genuen halako informazioa; beti dago norbait laguntzeko interesa agertzen duena, auzolanetan eta", adierazi du Lurpea Garbiko lehendakariak.

«Jendeari, ezjakintasunagatik, iruditzen zaio zulo bat arriskutsua izan daitekeela, batez ere simak. Beraz, horiek estaltzeko joera egon da, kasu honetan, zaborrarekin»

Tolosaldean sortu zen Lurpea Garbi elkartea, eta inguru hartan egiten du lan batik bat. Baina mendi horietan ikasi eta ikusitakoek berdin balio dute, adibidez, Izarraitz edo Hernion aplikatzeko, mendilerro karstikoak baitira biak ala biak. "Arazo hau Euskal Herri osoko karst eremuetan errepikatzen da, eta hala da Europa mailan ere, ez da hemengo arazoa bakarrik", baieztatu du Lasak. Gainera, egun Tolosaldean egiten duen lanean oinarrituko den protokolo bat osatzeko helburua du Lurpea Garbik, horixe bera Gipuzkoako beste eremu batzuetara zabaltzeko.

Ezjakintasunaren kalteak

"Karsta kareharriz osatutako paisaia da –azaldu du Uxue Lasak–. Haren berezitasunen artean, badira kobazuloak eta lur azpiko zuloak, ura lurraren azpira eramaten duten zulo handiak. Orduan, bertan pilatzen den zaborra ez da iragazten; euriak zaborra zeharkatzen duenean, zuzenean akuiferoetara joaten da".

Gizakiak eragindako arazoak, beraz, ingurumenari, bertako faunari eta gizakiari berari egiten dio kalte, "Euskal Herrian lur azpiko ur asko kontsumitzen baita", Lasak ohartarazi duenez. Kobazuloetan bizi den fauna, gainera, "oso berezia" dela dio Lasak, badirelako zomorroak soilik hor bizi direnak, milioika urtetan egokitu direnak ingurune horietan bizitzera. Zomorrook troglobioak dira, kobazuloetan bizitzen bizimodu trogloditara egokitu diren espezieak. "Endemismo pila bat dago, eta kobazulo txiki batean kalteak eragiten badira, askotan ezin da berreskuratu bere jatorrizko egoera", agertu du elkarteko lehendakariak.

Arazoa da, funtsean, gizakiak ohitura duela kobazuloak edo simak, zuloak oro har, estaltzeko. "Jendeari, ezjakintasunagatik, iruditzen zaio zulo bat arriskutsua izan daitekeela, batez ere simak. Beraz, horiek estaltzeko joera egon da, kasu honetan, zaborrarekin", argitu du espeleologoak. Bestalde, kritikatu du landa eremuan ez dela kudeaketa on bat egin; hala ere, nabarmendu du Lurpea Garbi elkartearen helburua ez dela errudunak bilatzea, irtenbideak baizik.

Lurpea Garbi elkarteko kideak lanean. (Utzitakoa)

Uralita, botilak... eta obusa

Hildako animalia asko, uralita, bateriak, motore olioak... "Denetarik" aurkitzen dute kobazuloetan, Lasaren esanetan. Gainera, orain dela urte batzuk topatzen zituzten hondakinak, kristalezko botilak edo erreminta zaharrak ez ziren horren kutsakorrak, baina azken urteetan bereziki kaltegarriak diren materialak agertzen dira, "plastikoak, produktu fitosanitarioak, botikak, xiringak" eta gisakoak, Uxue Lasak zehaztu duenez.

Ez da zaborra Lurpea Garbiko kideek karstean aurkitzen duten bakarra. Sarri, ondare arkeologikoarekin egiten dute topo eta, horregatik, hitzarmen bat dute Aranzadi zientzia elkartearekin. Larraulgo (Gipuzkoa) sima batean, adibidez, 36ko gerrako armak aurkitu zituzten. "Eta badakigu, ingurukoek esan digutelako, bere garaian obus bat bota zutela. Beraz, hor nonbait, zabor horren guztiaren azpian, obus bat dago", esan du Lasak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide