Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra Erremontari-Sagardoaren Txapelketaren finala jokatzeko sailkatu da. Larrañaga Javier Urrizarekin batera ari da txapelketa jokatzen, eta atzo, astelehena, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan lortutako garaipenari esker, ekainaren 16ko finala jokatuko dute haiek.
Urriza eta Larrañaga Petritegi etxearen ordezkari gisa ari dira lehiatzen, Aritz Altadill kapitain dutela. Nafarroako txapeldun handiak erretiroa hartu aurretik jokatuko duen azken txapelketa izango da, gainera. Atzo, ligaxkako azken jardunaldiko partidan, Ansa II.a eta Zubiri bi jokotan menderatu zituzten Petritegiko erremontistek, 7-15 eta 14-15, hain zuzen.
Aldabe eta Barrenetxea IV.a, berriz, txapelketako finalerdia jokatzeko sailkatu dira, ligaxka bigarren postuan amaituta. Aldiz, Ezkurra-Juanenea eta Ansa-Zubiri bikoteek play-offean erabaki beharko dute finalerdietako azken plaza bietako zeinentzat izango den. Play-off horretako irabazleak eta Aldabe-Barrenetxea IV.a bikoteak ekainaren 9an jokatuko dute finalerdia. Finala ekainaren 16an, astelehenez, 18:00etan jokatuko dute, eta gau horretan bertan ETB1ek eskainiko du.
Segurola, kanporatuta
Bestalde, Beñat Segurola erremontista aizarnazabaldarra txapelketatik kanpo gelditu da. Alorrenea sagardotegia ordezkatu dute hark eta Azpirozek, Igor Arruti kapitain dutela. Atzo, jakitun ziren txapelketan bizirik segi nahi bazuten bi jokoak irabazi eta aurkariek hamabost tanto baino gutxiago egin behar zituztela, baina ezin izan zuten. Oialume Zarreko Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, Iñaki Lekuona kapitain, erdietsi zuten garaipena. Bi jokoak irabazi zituzten haiek (15-8, 15-6), hala bigarren postua ziurtatuz.