Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa ari da pixkanaka-pixkanaka zehaztutako finalen egunetara hurbiltzen. Igaro berri den astean jokatu zituzten Urola Kosta eskualdeko ordezkariek final zortzirenetako kanporaketaren itzulerako partidak bai eskuzko modalitatean, bai gomazko paletakoan, eta guztiek lortu dute aurrera egitera.
Azkoitiak, eskuzko modalitatean, Ataun kaleratu du, kanporaketa 4-2 amaituta. Joanekoan, Azkoitian, hiru partidak irabazi zituzten Oteiza elkartekoek: kadete mailan, 22 eta 4 irabazi zuten Etxanizek eta Segurolak. Gazte mailan, 22 eta 6 gailendu ziren Arregi eta Bastida, eta nagusien lehian, 22 eta 21 nagusitu ziren Aranbarri eta Juaristi. Itzulerakoan, berriz, bi eta bat galdu zuen Azkoitiak: kadete mailan, 0-22 irabazi zuen, partida bertan behera gelditu baitzen; gazte mailakoa, 22-6 galdu zuten Urangak eta Bastidak, eta nagusien mailakoa 22-8 galdu zuten Oteizak eta Egañak. Final laurdenetan, Beasain izango dute aurkari Oteizako eskuzko pilotariek, eta joanekoa etxetik kanpo jokatuko dute.
Gomazko paletan, berriz, Zumarraga kanporatu dute Azkoitiko Oteizakoek. Joaneko partidak Azkoitian jokatu zituzten, eta bi eta bat irabazi: Epeldek 20-5 irabazi zuen kantxa osoko buruz buruko lehia; Juaristik eta Larrañagak 11-20 galdu zuten binakakoa; eta Aizpuruk 20-7 irabazi zuen zazpi koadroren barruan. Zumarragan jokatutako itzulerakoan emaitza errepikatu zuten Azkoitikoek. Epeldek jokatu zuen aurreneko partida; buruz buru aritu zen hura kantxa osoan, eta 8-20 irabazi zuen. Binaka, berriz, Larrañagak eta Azpirozek osatu zuten bikotea, eta haiek 20-9 galdu zuten. Zazpi koadroren barruko buruz burukoan, azkenik, Aizpuruk 14-20 menderatu zuen Zumarragako arerioa. Final laurdenetan, Astigarraga izango dute arerio Azkoitikoek; etxean hasiko dute kanporaketa aste honetan.
Azpeitia ere final laurdenetara sailkatu da eskuzko taldearekin; Alegia kanporatu dute Ilunpe elkarteko pilotariek, guztira, 5-1 eginda. Joaneko partidak Alegian jokatu zituzten, eta han bat eta bi irabazi zuten: kadete mailako partidan, 16 eta 22 gailendu ziren Ilunpeko Arsuaga eta Mendizabal; gazte mailako partidan, 6 eta 22 irabazi zuen Iturralde eta Artetxe bikoteak; eta nagusien mailako partidan, 22 eta 13 galdu zuen Egiguren-Egiguren bikoteak. Ostiralean jokatu zituzten itzulerako partidak Azpeitiko Izarraitz frontoian, eta Azpeitikoek hiru partidak irabazi zituzten: kadeteetan, 22 eta 5 irabazi zuten Mendizabalek eta Arsuagak; gazteen mailan, 22 eta 8 nagusitu ziren Artetxe eta Iturralde; eta azkenik, nagusietan, Egigurenek eta Larrañagak 22 eta 5 irabazi zuten. Final laurdenetan, Azpeitiak Oiartzun txapeldunaren aurka neurtuko ditu indarrak; etxean jokatuko ditu aste honetan joaneko partidak.
Zestoa ere Azkoitiaren eta Azpeitiaren bidea errepikatzen ari da. Andoain izan da zestoarren final zortzirenetako arerioa, eta 4-2 emaitzarekin egin dute aurrera Abantzu elkartekoek. Joaneko partidak Andoainen jokatu zituzten, eta bat eta bi irabazi zuten han: kadete mailan, Urrestilla eta Zabalak 3-22 irabazi zuten; gazte mailan, Azkue eta Uriak 22-6 galdu zuten; eta azkenik, nagusien mailan, Sasiain eta Odriozola 18-22 gailendu ziren. Itzulerakoak zapatuan jokatu zituzten Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan, eta Andoainen eskuratutako emaitza bera errepikatu zuten Abantzukoek: kadete mailan, Urrestillak eta Zabalak 22-0 irabazi zuten; gazte mailan, Azkue eta Uriak 22-9 galdu zuten; eta azkenik, nagusien mailan, Sasiainek eta Odriozolak 22-16 irabazi. Final laurdenak Bergararen aurka jokatuko ditu Zestoak, eta joaneko partidak etxean jokatuko ditu aste honetan.
Hain justu, Azpeitia eta Zestoa txapelketaren adar berean daude eskuzkoan, eta bi herriek kanporaketa gainditzea lortzen badute, elkarren aurka jokatuko dute finalerdia. Azkoitiak Beasain kaleratzen badu, berriz, Zaldibia-Hernani kanporaketako irabazlea izango luke aurkari finalerdietan. Azkoitiko gomazko palistek, berriz, Lasarte-Oria edota Aia izango lukete aurkari, aurrera eginez gero; izan ere, Aia final laurdenetan hasiko da lehiatzen aurtengo Herriartekoa.
Azpeitiko palistak kalera
Paleta eta pala uztartzen dituen txapelketan, berriz, Azpeitia txapelketatik kanpo gelditu zen joan den astean. Final laurdenekin ireki zuten txapelketa haiek, eta aurrean Deba izan dute. Joaneko bi partidak bezala, itzulerako biak ere galdu egin zituzten Ilunpeko pilotariek. Joanekoan, 35-27 galdu zuten larruzko paletakoa Asier Egiguren Bikutze-k eta Mikel Sanchezek, eta 40-26 pala motzekoa, Urtzi Lopetegik eta Eneko Martijak. Azpeitian jokatutako itzulerakoan, berriz, Mikel Sanchezek eta Telmo Garaizarrek 29-35 galdu zuten larruzko paletan, eta pala motzean, 28 eta 40 Eneko Martijak eta Urtzi Lopetegik.
Zumaiak, hirugarren jardunaldia
Atseden asteburua izan du Zumaiako zesta puntako taldeak, eta datorren asteburuan jokatuko ditu hirugarren jardunaldiko partidak; Mutrikuren aurka galdu egin zuten zumaiarrek lehen jardunaldian, baina Hondarribiari irabazi egin zioten bigarrenean. Hori hala, garaipen eta porrot banarekin dago gaur-gaurkoz Zumaiako taldea.
Hondarribiaren aurkako dema bi eta bat irabazi zuen Zumaiak: kadete mailan, Watkinsek eta Silvetik 21-30 irabazi zuten; gazte mailakoan, Enbilek eta Goñik 30-14 galdu zuten; eta nagusietan, 29-30 irabazi zuten Agirrek eta Urangak. Datorren asteburuan, Mutrikuren aurka jokatuko du, Mutrikun.