Julen Alberdi Txikia IV.ak II. Mailako Euskal Duatloiaren Txapelketa irabazi du, eskatutako lanak 10 minutu eta 3 segundotan eginda. Azkoitiarrak, beraz, lehen mailako txapelketa jokatuko du ekainaren 8an, eta parean izango du Joseba Otaegi zizurkildarra eta Getariako bizilaguna.
Kirolari asko eta finalerako txartel gutxi zeuden jokoan, horregatik, hortzak estututa aritu dira aizkoran eta korrika gaur arratsaldean Azpeitiko zezen plazan jokatu duten II. Mailako Euskal Duatloiaren Txapelketan. Ikusleen animoen laguntzarekin, erakustaldi bikaina eman dute plazako hemeretzi gizonek, baina seik bakarrik lortu dute datorren ekainaren 8an plaza horretan bertan jokatuko duten lehen mailako finalera sailkatzea.
18:00etan hasi da proba, eta bost txandatan banatuta, ondoko lanak bete dituzte kirolariek: aurrena, 45 ontzako etzandako egurra ebaki dute, ondotik 45 ontzako zutikako egurra, eta azkenik 500 metro egin dituzte korrika, hau da, bost itzuli zezen plazari. Hori guztia birritan egin dute, eta are exijenteagoa izango da ekainaren 8ko proba, izan ere, lau bider egin beharko dute zirkuitu berbera.
Hemeretzien artean, Txikia IV.a izan da azkarrena lan guztiak osatzen; hala ere, hurrengo bost bizkorrenek ere lortu dute lehenengo mailara sailkatzea: Eneko Saralegi (10 minutu eta 15 segundoko denborarekin), Jokin Urretabizkaia (11 minutu eta 34 segundo), Joseba Otaegi (12 minutu eta 5 segundo), Xuban Kañamares (12 minutu eta 41 segundo) eta Eloy Corchero (12 minutu eta 53 segundo).
Talde horrek dagoeneko lehenengo mailan dauden honako sei gizonen kontra neurtuko ditu indarrak finalean: Ugaitz Mugerza iazko irabazlea, Ibai Soroa, Arkaitz Jauregi, Oier Kañamares, Julen Kañamares eta Xabier Zaldua.
Aldiz, gaurko proban finalerako txartelik gabe geratu dira Jon Zaldua, Aritz Oregi, Eneko Larrion, Yulen Aranberri, Emilio Garcia, Iosu Santamaria, Manuel Fraile, Urtzi Olasagasti, David Naredo, Dani Vicente, Beñat Lekue, Ander Altuna eta Iban Resano.