Jon Lukas Orioko aktorea protagonista duen eta Julen Taboada zarauztarra, Iñigo Aranbarri azkoitiarrak zein Xanti Agirrezabala azpeitiarrak parte hartu duten Desagertuta telesaila estreinatu dute Primeran plataforman. Atzotik ikusgai dira aurreneko bi atalak, euskaraz. Bihar, berriz, Netflixek gaztelaniazko bertsioa estreinatuko du –aldi berean filmatu dituzte euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak–. Datozen asteetan, astero atal bat sareratuko du EITBren Primeran plataformak. Netflixen, berriz, hemendik hilabete batzuetara estreinatuko dute euskarazko bertsioa.
Pausoka eta Zebra Producciones ekoiztetxeek sortu dute lana, kuadrilla gazte bati buruzko fikziozko telesaila. Desagertuta dagoen gazte baten inguruan osatu dute trama, eta Lukas da desagertuta dagoen pertsonaia hori. Gainerako aktoreen artean, izen ezagun asko daude: Itziar Atienza, Gorka Otxoa, Sara Cozar eta Ainhoa Larrañaga, besteak beste.