Trainerillen Euskadiko Txapelketa jokatu zen atzo Ondarroan (Bizkaia), eta eskualdeko arraun klub guztietako ontziek parte hartu zuten hainbat kategoritan. Seniorrei dagokienez, bi banderak eskualdera ekarri zituzten, Zumaiak irabazi baitzuen emakumezkoetan, eta Oriok, gizonezkoetan.
Zumaia eta Zarautz lehiatu ziren emakumezkoen txapelketan Tolosaldea, San Juan, Ondarroa eta Kaikurekin batera. Esan bezala, bandera Zumaiak eraman zuen, eta tarte handiarekin eskuratu zuen garaipena, gainera, hemezortzi segundoko aldea atera baitzion bigarren izan zen Tolosaldeari. 15:50,29 denbora egin zuten Telmo Deunekoek, eta 16:09,08, berriz, Tolosaldeak.
Zarautz ez zen hain fin aritu, eta azken postuan helmugaratu zen, Zumaiagandik 46 segundora.
Kike Manterola Zumaiako entrenatzaileak Gukari aitortu zion "uste baino errazago" nagusitu zirela, eta estropada ona egin zuela taldeak. "Hasieratik hartu dugu konfiantza, eta estropada erdirako irabazita geneukala esan dezakegu". Atzo emaitza ez da kasualitatea izan, ordea, trainerilletan txapelketa guztiak irabazi dituztelako. Horregatik, "oso gustura" dago Manterola.
Arraunlariak ere pozarren zeudela esan zuen entrenatzaileak, gehienek aurreneko aldiz irabazi dutelako trainerilletan Euskadiko Txapelketa. "Egia esan, ez da erraza irabaztea. Aurten ondo prestatuta gaude, asmatu egin dugu, eta horri probetxua ateratzea lortu dugu. Beraz, oso gustura gaude", azaldu zuen.
Trainerilla denboraldia atzoko norgehiagokarekin amaitu zen, eta orain, traineruari ekingo diote buru-belarri, hamabost egun inguru gelditzen baitira konpetitzen hasteko.
Oriok garaipen estu-estua
Gizonezko seniorretan, berriz, Orio izan zen eskualdeko talde bakarra lehian atzokoan. Zierbena eta Orio pare-parean iritsi ziren helmugara, eta ehuneneko batzuek erabaki zuten bandera Oriori ematea: 13:41,40 denbora markatu zuen Oriok, eta 13:41,88, berriz, Zierbenak. Polemikarik ez zen falta izan, photofinishik ez zutelako jarri, eta azkenean, epaileek Orioren aldeko emaitza eman zuten.
Orio Arraunketa Elkarteak esku artean dituen datuen arabera, bederatzigarrenez irabazi du Oriok txapelketa hori. Azkena 1998an eskuratu zuen, eta beraz, 26 urte ziren txapelketa hori irabazten ez zuela.
Kluba pozik agertu da garaipenagatik: "Oso gustura gaude, 26 urte ondoren berriz ere Euskadiko Trainerilla Txapelketa geureganatu dugulako. Zorionak eman nahi dizkiegu parte hartu duten arraunlari guztiei eta beraien inguruan mugitu diren laguntzaile denei".
Klubak argi du "hurrengo erronka" ere, A Pobra do Caramiñalen (Galizia) jokatuko den Espainiako Txapelketa. Datorren astean bertan jokatuko da hori.
Gainerako emaitzak
Kadete eta jubenil mailan ere jokatu zituzten Euskadiko Txapelketak, eta eskualdekoek askotariko emaitzak lortu zituzten: bigarren izan ziren, adibidez, Zumaiako kadete neskak; bosgarren egin zuten, berriz, Zarauzko jubenil neskek, eta zortzigarren, Getariako jubenil mutilek.