Distantzia erdiko Europako Triatloi Txapelketan bosgarren egin dute Julen Lopetegik eta Ainhoa Muruak

Julene Frantzesena 2025ko mai. 18a, 18:56

Ainhoa Murua txapelarekin eta senideekin nahiz lagunekin. (Utzitakoa)

Espainiako selekzioarekin aritu ziren Lopetegi azpeitiarra eta Murua zarauztarra. Lopetegik hiru ordu, 53 minutu eta 33 segundotan osatu zuen ibilbidea, eta lau ordutan, 25 minututan eta 17 segundotan, Muruak. Gainera, zarauztarrak Espainiako selekzioaren omenaldia jaso zuen, egindako ibilbidea dela eta. Mila triatleta inguruk parte hartu zuten proban.

Distantzia erdiko Europako Triatloi Txapelketan bosgarren egin dute Julen Lopetegi azpeitiarrak eta Ainhoa Murua zarauztarrak. Atzo izan zen proba, Iruñean, eta helmugara iristen bosgarrenak izan ziren Espainiako selekzioarekin aritu ziren bi triatletak.

1,9 kilometro igerian, 85 kilometro bizikletan eta 21 kilometro lasterka egin zituzten parte hartzaileek, eta hiru ordu, 53 minutu eta 33 segundotan bukatu zuen ibilbidea azpeitiarrak; zarauztarrak, berriz, lau ordu, 25 minutu eta 17 segundo behar izan zituen helmugara iristeko. Muruak, gainera, Espainiako selekzioaren omenaldia jaso zuen proba bukatzean; hain zuzen ere, Joko Olinpikoetan nahiz probetan egindako ibilbidea aitortu zioten hari.

Mila triatleta inguruk parte hartu zuten proban, eta gizonetan irabazle Guillem Montiel izan zen, lasterketa 3 ordu, 44 minutu eta 56 segundotan bukatuta. Ognjen Stojanovic izan zen bigarren (3:46:16), eta Fernando Zorrilla (3:49:26) hirugarren. Beraz, irabazleak baino zortzi minutu pasatxo gehiago behar izan zituen Lopetegik helmugaratzeko.

Emakumeetan, berriz, Marta Lagownik izan zen garaile, ibilbidea 04:13:04 denboran gauzatuta, eta bigarren Marta Lombardi izan zen; hirugarren, berriz, Maria Varok egin zuen. Murua, beraz, irabazlea baino hamabi minutu pasatxo beranduago iritsi zen helmugara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide