Bikaintasunezko lehiaketara bideratutako diru laguntzak edo bekak eman ohi ditu Basque Team fundazioak. Fundazioko patronatua bilduta, beka horietara bideratutako diru kopurua 991.500 eurokoa izango dela iragarri du. Laguntza jasoko duten lagunen zerrenda ere plazaratu du fundazioak. 80 kirolarik (40 emakume eta 40 gizon), hemeretzi entrenatzailek (hamasei gizon eta hiru emakume) eta hiru epailek (emakume bat eta bi gizon) jasoko dituzte aurrerantzean beka horiek.
Urola Kosta eskualdeko sei kirolari aukeratu ditu Basque Team fundazioak laguntza horiek jasotzeko: surfean aritzen diren Nadia Erostarbe eta Keoni Lasa zarauztarrak eta Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra; Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldean aritzen diren Sara Loidi oriotarra eta Esti Alvarez zarauztarra; eta Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra.
Baldintza zorrotzak
Laguntza hauen onuradun izateko, baldintza zorrotzak jartzen ditu Basque Team fundazioak. Aurreko denboraldian lortutako emaitzak baloratzeko irizpide zorrotzak bete behar dira, bai markei dagokienez, bai parte-hartzeari dagokionez, maila absolutuan, nazioarteko txapelketa eta lehiaketetan: Europako txapelketak, Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak.
Bekadunek, laguntza ekonomikoez gain, laguntza biomedikoak, laguntza teknikoak, fisioterapia eta berregokitze zerbitzuak, kirol psikologiako zerbitzua, irudi eta komunikazioko zerbitzua eta arlo akademikoko eta lan-munduan sartzeko aholkularitza jasoko dituzte.