Benito Lertxundi eta Jagoba Astiazaran saritu dituzte Musika Bulegoaren IX. sariketan

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 15a, 15:59

Euskal Herriko Musika Bulegoaren sariketako irabazleak, atzo, Gasteizko ekitaldian. (EHMB)

Euskal Herriko Musika Bulegoak 2024ko proposamen musikal onenak saritzeko ekitaldia egin zuen atzo Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, eta 11 artista eta talde saritu zituen denera, tartean Arineketan taldeko Jagoba Astiazaran zestoarra. Benito Lertxundik, berriz, ohorezko sari berezia jaso zuen.

Euskal Herriko Musika Bulegoak atzo jakinarazi zituen zein izan diren 2024ko musika proposamen esanguratsuenak. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izan zen Musika Bulegoaren IX. sariketa ekitaldia, eta guztira 11 artista eta talderi egin ziete aitortza, tartean Jagoba Astiazaran zestoarraren Arineketan taldeari eta Benito Lertxundi oriotarrari. Ohorezko sari berezia eman zioten azken horri.

Gainerako sarituak hauek izan ziren: Bloñ, Eneritz Furyak, Gorka Urbizu, Libe, Olatz Salvador, Soinuak Haizean, Verde Prato, Izaro eta Zabaldika Laukotea. Epaimahaia bederatzi kidek osatu dute, tartean Iker Gurrutxaga irrati esatari oriotarrak. Horiek 2024an Euskal Herrian kaleratutako 190 proposamen musikal aztertu dituzte, iaz baino 70 gehiago.

Lertxundiren saria, dena den, ez dute horiek erabaki, EHMBko zuzendaritza batzordeak baizik. 

Saridunek garaikur bana jaso zuten, haietako batzuek musika emanaldiak eskaini zituzten, eta ekitaldia amaitzeko, Izaki Gardenak taldeak kontzertua eman zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide