Eskualdekoek kanporaketa gainditu dute eskuzko Herriartekoan, baina gomazko paletan ez

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 12a, 11:34

Zestoa-Lazkao eskuzko Gipuzkoako Herriartekoaren kanporaketako joanekoaren une bat. (Oier Arregi)

Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa final zortzirenetara sailkatu dira eskuz, baina Zarauzko eta Zumaiako palistek agur esan diote txapelketari final hamaseirenetan. Larruzko paletan eta pala motzean Azpeitia, eta zesta puntan Zumaia, asteburuan estreinatu dira.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan joan den asteburuan osatu dituzte aurreneko kanporaketak eskuzko zein gomazko paletako lehietan. Eskuzko txapelketan Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak final hamaseirenetako beren kanporaketak aise gainditu dituzten bitartean, lehiaketaren lehen koska horretan esan diote agur gomazko paletako txapelketari Zarautzen eta Zumaiak.

Bi txapelketetan, aipatutako final hamaseirenetako itzulerako partidak jokatu dituzte igaro berri den asteburuan. Eskuzko txapelketan, eskualdeko hiru ordezkariek ondo baino hobeto bideratuta utzi zituzten kanporaketak joanekoan, eta eroso ibili dira itzulerakoan.

Kadeteetan 3-22, jubeniletan 4-22 eta seniorretan 8-22 irabazita, Azkoitia 0-3 nagusitu zen maiatzaren 4an Aretxabaletan; eta joan den ostiralean, itzulerakoan, berriro argi eta garbi utzi zuten beren nagusitasuna Oteiza elkarteko pilotariek: Etxaniz eta Segurola kadeteek 22-1 irabazi zuten, Arregi eta Bastida jubenilek 22-6, eta emaitza bera, 22-6, sinatu zuten seniorretan Oteizak eta Egañak.

Azpeitia ere 0-3 nagusitu zen joanekoan Adunan –9-22 kadeteetan, 7-22 jubeniletan eta 20-22 nagusietan–. Itzulerakoan, ostiralean Izarraitzen, jubenilen partidara arte itxaron behar izan zuten Ilunpekoek kanporaketa ixteko, kadeteetan 11-22 galdu baitzuten Ansolak eta Beristainek. Gaueko beste bi partidetan ez zuten ezustekorako tarterik utzi azpeitiarrek. jubenilena 22-4 irabazi zuten Artetxek eta Sarasuak, eta seniorrena 22-7 Urtzi eta Iker Egigurenek.

Pixka bat estuagoa izan da Zestoa eta Lazkaoren arteko kanporaketa, 4-2 irabazi dute Abantzu elkartekoek, baina urduritzeko tarterik gabe egin dute aurrera zestoarrek ere. Kadeteetan eta jubeniletan oinarritu du garaipena Zestoak. Maiatzaren 2an, etxean jokatu zuten joanekoan, kadeten partida 22-6 eta jubenilena 22-1 irabazi zituzten Abantzukoek, eta seniorrena 11-22 galdu zuten. Itzulerakoan, joan den ostiralean, Zestoako kadeteak eta jubenilak nagusi izan ziren Lazkaon –Clavijo eta Urrestilla kadeteek 7-22, eta Alonso eta Uria jubenilek 16-22 irabazi zuten–; eta, tanto bakarreko aldearekin (22-21), baina senior mailakoa berriro galdu zuten Alonso eta Odriozola zestoarrek.

Final zortzirenetan, Ataun izango da Azkoitiaren aurkaria, Alegia Azpeitiarena, eta Andoainekin neurtuko ditu indarrak Zestoak.

Gomazko paletan galtzaile

Eskuzkoan bezala, gomazko paletako Gipuzkoako Herriartekoan ere asteburuan osatu dituzte final hamaseirenak. Bi kanporaketa bakarrik jokatu dituzte koska horretan, bietan tartean izan dira Urola Kostako ordezkariak, eta bietan txapelketatik kanpo gelditu dira.

Zarautzek Lasarte-Oriaren kontra eta Zumaiak Andoaien kontra, 3-0 galdu zituzten joaneko lehiak, eta ezin izan dute emaitza hori irauli joan den asteburuko itzulerakoetan. Joanekoan, Aritzbatalden, Ostolazak 6-20 eta Etxabek 12-20 galdu zituzten buruz buruko partidak, eta binakakoa 16-22 galdu zuten Urangak eta Olazabalek. Joan den ostiralean, Lasarte-Orian, bide beretsutik joan ziren emaitzak: Etxabek 20-8 eta Intxauspek 20-7 galdu zituzten buruz burukoak, eta 20-12 galdu zuten binakakoa Ibargurenek eta Landak.

Zumaiak itzulerakoan lortu du garaipen bat, baina ez da nahikoa izan. Etxetik kanpo ekin zioten kanporaketari zumaiarrek: Beristainek 22-5, Beristainek eta Carballok 20-1 eta Martinek 20-9 galdu zituzten joaneko partidak. Itzulerakoan, joan den larunbatean, Martinek 7-20 eta Caballerok 11-20 galdu zituzten buruz burukoak Aitzurin, baina Beristain-Beristain bikoteak 20-11 irabazi zuen binakakoa.

Zarautzek eta Zumaiak lehen kanporaketan agur esanda, Azkoitia izango da eskualdeko ordezkari bakarra gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final zortzirenetan; Zumarragaren kontra jokatu beharko dute azkoitiarrek. Eskualdeko laugarren ordezkariak, Aiak, final laudenetan ekingo dio lehiari; Lasarte-Oriak eta Hernanik jokatuko duten final zortzirenetako kanporaketaren irabazlea izango da aiarren lehen aurkaria.

Estreinaldia porrotarekin

Larruzko paletako eta pala motzeko Herriartekoa zein zesta puntakoa, berriz, joan den asteburuan jarri dira martxan, eta emaitza onik gabe hasi ere, Urola Kostakoentzat.

Paleta eta pala uztartzen dituen txapelketan, Azpeitia da eskualdeko ordezkari bakarra. Final laurdenekin ireki dute txapelketa hori, Deba da Azpeitiaren aurkaria eta, atzo, joanekoan, jokatutako bi partidak galdu zituzten azpeitiarrek: 35-27 galdu zuten larruzko paletakoa Asier Egiguren Bikutze-k eta Mikel Sanchezek, eta 40-26 pala motzekoa, Urtzi Lopetegik eta Eneko Martijak. Aste honetan jokatuko dituzte itzulerako biak, Betharrameko frontoian.

Zesta puntan, berriz, aurten ere sei jardunaldiko liga formatuan jokatuko dute Herriartekoa Zumaiak, Mutrikuk eta Hondarribiak. Asteburuan, ligako lehen jardunaldian, 1-2 galdu du Zumaiak Mutrikuren kontra, Aitzurin. Silveti eta Watkins kadeteek 30-24 irabazi zuten ostiralean, baina Enbil eta Goñi jubenilek (15-30) eta Egaña eta Uranga seniorrek (25-30) galdu egin zituzten beren neurketak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide