Bukatu da denboraldia Domusa Teknik ISBrentzat. Iraurgi Saskibaloiaren emakumeen talde nagusiak atzo arratsaldean jokatu zuen Zamoran (Espainia) LF Challenge ligaren igoera play-off-etako final zortzirenetako itzulerako partida, eta 73-43 galdu zuen.
Joanekoan ezustekorako zirrikitua zabalik utzi zuen Iraurgik, kanporaketa gainditzeko faborito nagusia zen Recoletasek hiru puntuko aldea besterik ez baitzuen lortu Azkoitiko kiroldegian. Atzo, ordea, pronostikoak ondu zituen Zamorako taldeak, eta nola, gainera. Hasieratik bukaerara, aukerarik ez zuen izan Domusa Teknik ISBk, eta 30 puntuko aldearekin galdu zuen azkenean. Lehen hiru laurdenetan zuloa batetik bestera gero eta handiagoa bihurtzen joan ziren etxekoak: zortzi puntuko alde atera zioten Iraurgiri lehen laurdenean (19-11), bederatzikoa bigarrenean (21-12), eta 11kakoa hirugarrenean (15-4). Azken laurdena askoz orekatuagoa izan zen markagailuan (18-16), baina beranduegi zen, noski, Azpeiti-Azkoitikoentzat.
Horrenbestez, Espainiako saskibaloiaren maila gorenera igotzeko lauko finalaren atarian gelditu da Luis Agirre Katxi-ren taldea. Denboraldia porrot argiarekin agurtu du, baina lan bikaina egin du Iraurgiren emakumeen talde nagusiak LF Challenge ligara itzuli den sasoian.