Iñaki Merinok ez du jarraituko Biele ISBren gidaritzan

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 7a, 12:54

Iñaki Merino, Biele ISBren entrenatzailea 2024-2025 denboraldian. (Iraurgi saskibaloi kluba)

Iñaki Merinok Iraurgiren gizonen lehen taldea zuzendu du amaitu berri den denboraldian. Klubak iragarri duenez, ordea, ez du entrenatzaile lanetan jarraituko.

Iñaki Merinok (Gasteiz, 1977) ez du Biele ISBko entrenatzaile gisa jarraituko datorren denboraldian, Iraurgi saskibaloi klubak sare sozialetan iragarri duenez. Taldeak ez du aurreratu nork hartuko duen Gasteizko entrenatzaileak hutsik utzi duen aulkia.

Azken denboraldian ISB entrenatzeaz arduratu da Iñaki Merino, hain justu, klubak 50 urte bete dituen denboraldian. Yon Gonzalezi hartu zion erreleboa 2024ko ekainean, eta geroztik, taldeak "erritmo handiko jokoa" izan dezan lan egin du, elkarrizketa honetan agertu zuenez.

Denboraldiaren amaiera aldera, bolada txarra izan zuen ISBk, hainbat partida segidan galduta. Ondorioz, zortzigarren amaitu du FEB ligako bigarren mailako sailkapenean, 35 puntu bilduta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide