Poltsa konpostagarriak banatu nahi dituzten saltokiek izena eman beharko dute deialdi berrian

Andoni Elduaien 2025ko mai. 6a, 10:17

Poltsa konpostagarriak. (Urola Erdiko Mankomunitatea)

Urola Erdiko Mankomunitateak zabaldu duen izena emateko epea maiatzaren 20an amaituko da. Orain arte poltsak banatu dituzten saltokiek eta aurrerantzean horretan hasi nahi dutenek eman beharko dute izena.

Urola Erdiko Mankomunitatearen bidez, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako hainbat saltokik banatu ohi dituzte poltsa konpostagarriak. Poltsa horiek banatzen jarraitu nahi duten saltokientzat eta aurrerantzean horretan hasi nahi dutenentzako, baina, berriro izena emateko deialdia zabaldu du mankomunitateak. Izena emateko, maiatzaren 20ra arteko epea izango dute interesa duten saltoki guztiek.

Mankomunitateak azaldu du "ezinbestekoa" dela deialdian izena modu telematikoan ematea. Horretarako, merkatariek ziurtagiri digitala izan beharko dute, hala nola Izenpe txartela edota BakQ identifikazioa. Nolanahi ere, Urola Erdiko Mankomunitateak azaldu du BakQ identifikazioa mankomunitatearen bulegoan eskuratu ahal izango dutela saltokiek.

Halaber, online tramitazioa egiteko laguntza ere eskainiko die mankomunitateak saltokiei eta merkatariei. Tramitazio guztia egiteko laguntza jaso nahi dutenek, ordea, hitzordu bat eskatu beharko dute aurrez mankomunitatearen bulegoan bertan. Zalantza argitzeko edo hitzordua eskatzeko 943-85 73 19 telefonora deitu beharko dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide