Zumaian izango da Maiatzaren Leheneko mobilizazio bakarra eskualdean

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 1a, 08:10

Maiatzaren Lehenean, orain hiru urte LAB sindikatuak Zarautzen egindako manifestazioko irudia. (Guka)

Langileen Nazioarteko Eguna da gaur, eta hainbat eragilek deitu dute protestara Zumaian. ELAk eta LABek hiriburuetan egingo dituzte mobilizazioak; EHKSk autobusak antolatu ditu eskualdetik Bilbora.

Maiatzaren Lehena da gaur, Langileen Nazioarteko Eguna, eta urtero bezala, milaka herritarrek parte hartuko dute sindikatuek hiriburuetan deitutako mobilizazioetan. Urola Kostan ere izango da aldarrikapenik, ordea: Zumaian, izan ere, hainbat eragilek egin dute protestarako deia. Kapitalismoari eta gerrari ez, langileok gara alternatiba! lelo hartuta, 18:30ean hasiko da manifestazioa Balenciaga ontziolatik. Zerbitzu publiko duinak eta kalitatezkoak eta gastu militarra ez igotzea aldarrikatuko dituzte, besteak beste.

Honako eragileak izan dira manifestaziora deitu dutenak: ELA, LAB, ESK, Balenciaga ontziolako langile batzordea, Ernai, Zumaiako Gazte Asanblada, Ikama, Zumaiako Pentsiodunak, ZUOPA Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko Plataforma, Zumaiako Mugimendu Feminista, Malen Etxea eta Sortu.

Hiriburuetara

Eskualdean mobilizaziorik egin ez arren, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) autobusak antolatu ditu Bilbon Europako estatuen berrarmatzearen aurka, gerra inperialistari ez lelopean 13:00etan egingo duten manifestaziora. EHKS gerra inperialistaren aurka aterako da kalera, "testuinguruari erantzuteko beharra" dagoela iritzita. Nabarmendu dute "gerrarako aukerak normalizatzen" ari diren arren, gerra hori "kapitalisten gerra" dela, eta horren ondorioak langile klaseak jasan beharko dituela. Autobus bat Zarauztik abiatuko da 11:00etan, Sanz Eneako geralekutik, eta Getariatik eta Zumaiatik pasatuko da. Zestoatik, berriz, 11:15ean aterako da autobusa, ohiko geltokitik, eta Azpeititik eta Azkoititik 11:30ean igaroko da.

ELA eta LAB sindikatuek ere hiriburuetan egingo dituzte Maiatzaren Leheneko mobilizazioak. ELAk Bilbon eta Iruñean egingo ditu manifestazioak 11:30ean, Gutxieneko soldata, hemen erabaki leloa aldarri hartuta. "ELAk 1.795 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen du aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin: milaka langileren soldata zenbateko horretatik urrun geratzen da, batik bat sektore feminizatu eta arrazializatuetan". Antimilitarismoa ere aldarrikatuko du sindikatuak.

LAB sindikatuak ere gutxieneko soldata duina aldarrikatuko du gaurko mobilizazioetan, baita pentsio sistema propioa ere. Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Tuteran (Nafarroa) 12:00etan egingo ditu manifestazoiak, eta 11:00etan Maulen (Zuberoa) eta Baionan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide