Europako estatuen berrarmatzearen aurka, gerra inperialistari ez lelopean manifestazioa deitu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Maiatzaren Lehenerako, Bilbon. Manifestazioko joan-etorrirako autobusak antolatu dituzte Urola Erdiko eta Urola Kostako Kontseilu Sozialistek, eta horietarako izen-ematea irekita dago.
Urola Erdian, Azpeitian eta Azkoitian egin daiteke izen-ematea, Azpeitiko Haginpe tabernan eta Azkoitiko Dean tabernan. 10 euro ordaindu beharko da joan-etorria. Kostan, berriz, Zarautzen eta Zumaian egin daiteke izen-ematea, Orbela eta Txikixa tabernetan, hurrenez hurren. Landunek 10 euro ordaindu beharko dute, eta langabeek bost euro.
Bilbora joateko hitzorduak herriaren arabera jarri dituzte. Zarautzen Sanz Eneako geralekuan, 11:00etan; Getarian bus geltokian; eta Zumaian Patxita Etxezarreta kalean (Kantauri plaza parekoan), 12:20ean egingo ditu geldialdiak Bilborako bidea hartu aurretik. Zestoatik 11:15ean aterako da autobusa ohiko geltokitik, eta Azpeititik eta Azkoititik 11:30ean.
Gerra inperialistaren aurka
EHKS gerra inperialistaren aurka aterako da kalera Langileen Nazioarteko Egunean, "testuinguruari erantzuteko beharra" dagoela iritzita. "Estatuen gaitasun militarrak areagotzeko planak sustatzen ari dira Europako herrialde guztietan, Europaren defentsa eta “autonomia estrategikoa” bermatzeko aitzakiapean, besteak beste. Horri guztiari aurre egiteko beharra azpimarratu nahi dugu, eta Maiatzaren Lehena horretarako erabiliko dugu", adierazi du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Era berean, nabarmendu dute "gerrarako aukerak normalizatzen" ari diren arren, gerra hori "kapitalisten gerra" dela, eta horren ondorioak langile klaseak jasan beharko dituela.