Gaur argitaratu dute Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian Zumaiak Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Gune bihurtzeko alegazio prozesua gainditu duela. Denis Itxaso sailburuak hala iragarri zuen aste hasieran Barakaldora (Bizkaia) egindako bisitan.
Hurrengo pausoa izendapena Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari igortzea izango da, eta hark eman beharko dio behin betiko onarpena. Urola Kostan tentsionatutako gune bihurtuko den lehen udalerria izango da Zumaia. Gaur-gaurkoz Errenteria (Gipuzkoa) da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izendapen hori lortu duen herri bakarra, eta Lasarte-Oria (Gipuzkoa) eta Zumaia izango dira hurrengoak.
Zumaiako Udaleko udalbatzak iazko otsailean eskatu zuen herria tentsiopeko eremu bihurtzea. Behin pauso guztiak emanda, apirilerako izendapena jasotzeko aukerak zituela iragarri zuen Itxasok pasa den martxoan.
Zestoa, udazkenean
Urola Kostan bertan, Zestoak Zumaiaren bidea hartuko du, eta BMTG izendapena lortzeko prozesua abiatuko du. Herri horren kasuan, eta Zestoako Udalak aurreratu duenez, datorren irailean hasiko dute izendapena jasotzeko lanketa.