Iaz bezala aurten ere, Urtzi Gurrutxaga erremontista aizarnazabaldarrak eta Joseba Goikoetxea Goikoetxea VI.a zestoarrak elkarren kontra indarrak neurtzeko aukera izan dute gaur, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan, Berria erremonte txapelketaren finalean. Eta iaz bezala aurten ere, zestoarrak jantzi du txapela.
Atzelari zestoarrak Ander Goikoetxea Goikoetxea V.a urnietarra (Gipuzkoa) izan du bikotekide; aurrelari aizarnazabaldarrak, berriz, Aritz Eskudero andoaindarra (Gipuzkoa). Gorriek bi set nahikoa izan dituzte partida erabakitzeko, bietan eurak izan baitira nagusi. Lehendabizikoa, 15-12 bukatu dute, eta bigarrena, 15-12. Horrela, zestoarrak bigarren urtez jarraian jantzi du Berria txapelketaren txapela, eta aizarnazabaldarrak txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan du bietan.
Zestoarrak bitan parte hartu du Berria txapelketan, eta bietan txapelketa irabaztea lortu du; hori horrela, txapelketa gustukoa duela aitortu du partida bukatu berritan. Gainera, Goikoetxea V.a alboan duela irabazteak "ikaragarrizko ilusioa" egiten diola adierazi, entrenatzaile izandakoa duelako eta asko lagundu diolako.