Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) lehen mendeurrena beteko du 2025ean, eta urte seinalatua ospatzeko hainbat ekintza egingo dituzte datozen hilabeteetan. Hain zuzen ere, ospakizun horien zati bat eskualdera iritsi da: bihar eta etzi, Zestoa eta Azpeitia artean egingo dituzte federazioak antolatutako Emakume Pilotarien Jardunaldiak.
Dena den, jardunaldien lehen hitzordua, Gipuzkoako emakume pilotariei eskainitako erakusketa, gaurtik dago ikusgai; Zestoako Udal Kiroldegiko pilotalekuan jarri dute, eta zapatura arte izango da han.
Gloria Agirreri gorazarre
Zestoako udaletxean aurkeztu dituzte gaur eguerdian Emakume Pilotarien Jardunaldiak Itziar Lete GEPF-ko presidenteak, Mikel Arregi Zestoako alkateak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Gloria Agirre Aizarnako Txikita-k. Hain zuzen ere, Agirre izango da jardunaldiotako protagonista nagusietako bat. Batetik, bere historia ere kontatzen duen Raketistak lehen eta orain dokumentala birritan emango dute bihar, ostirala, Zestoako Kultur Etxean, goizean herriko ikasleentzat, eta arratsaldean (18:30) herritar orori zuzenduta, doako emanaldian; azken proiekzio horren ondoren Agirrerekin solasean aritzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Bestetik, jardunaldiak ixteko zapatu arratsaldean Zestoako kiroldegiko pilotalekuan jokatuko duten goi mailako pilota jaialdiaren barruan omenduko dituzte Aizarnako raketista ohia eta hark bezala "pilotari ekarpen berezia" egindako beste hainbat emakume.
Agirre pozik agertu da aurkezpenean, "berandutxo bada ere" bera zein kide raketistak egindako ekarpenagatik "errekonozimendua" jasotzen ari direlako. Bere ibilbidearen hainbat zertzelada azaldu ditu, batik bat Madrilen pilotari profesional gisa egindako urteak eta XX. mendearen erdi aldean raketistek bizitako urrezko aroa gogora ekarrita. Arregik, Alkortak bezala, emakume pilotariei "ikusgarritasuna" ematearen garrantzia nabarmendu du, hain zuzen ere, raketistekin gertatu bezala, horien jarduna azpiratuta eta ahanzturara kondenatua geratu ez dadin.
Bi alkateek zoriondu dute Gipuzkoako federazioa mendeurrenagatik. Eta Letek, bere aldetik, Azpeitiko zein Zestoako udalen laguntza eta "prestutasuna" eskertu ditu, erakundeon babesik gabe Emakume Pilotarien Jardunaldiak agian ezingo zituztela antolatu aipatuta.
Zapatu bete-betea
Zapatukoa izango da Emakume Pilotarien Jardunaldien egun nagusia. Goizean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan eta arratsaldean Zestoako Udal Kiroldegiko frontoian izango da modalitate desberdinez eta adin guztietako emakume pilotarien jardunaz gozatzeko aukera. Tartean, 14:00etatik aurrera, jardunaldietako parte hartzaileak Azpeitiko Azoka Plazan egingo duten bazkarian elkartuko dira.
09:30ean hasiko da larunbat goizeko saioa Izarraitzen, eskola adineko esku pilotarien topaketarekin. 11:45ak arte ariko dira gaztetxoak, eta 12:00etan federatutako paleta topaketako partaideek hartuko diete lekukoa kantxan.
Eguneko eta jardunaldietako jaialdi nagusia, berriz, 17:00etan hasiko da Zestoako kiroldegiko pilotalekuan. Bost partida ikusteko aukera izango da han, bakoitza modalitate batekoa: zesta puntakoa (Elezgarai-Watkins Ortiz de Mendibil-Otañoren kontra), tenisekoa (Esnal-Mazizior Iribar-Mendizabalen kontra), gurpil aulkian vs zutikakoa (Ugarteburu-Mendizabal Troitiño-Maziziorren kontra), gomazko paletakoa (Eizmendi I-Eizmendi II Irazustabarrena-Muruaren kontra) eta eskuzkoa (Arraiza-Erasun Etxegarai-Mendizabalen kontra).
Hirugarren eta laugarren partiden artean jasoko du omenaldia Aizarnako Txikitak. Herriko egungo pilotari nabarmenenak, Naroa Agirrek, ezingo du jardunaldietan parte hartu, Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren finala jokatuko duelako Iruñeko Labriten.
Egitaraua
Hona hemen, GEPF-ak antolatutako Emakume Pilotarien Jardunaldien egitaraua:
Bihar, ostirala
- 09:30. Raketistak lehen eta orain dokumentalaren emanaldia, Zestoako Herri Ikastetxeko ikasleentzat. Zestoako Kultur Etxean.
- 18:30. Raketistak lehen eta orain dokumentalaren emanaldia eta Gloria Agirrerekin solasaldia, Zestoako Kultur Etxean.
Etzi, larunbata
- 09:30. Eskola adinekoen eskuzko topaketa, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
- 12:30. Federatuen paleta topaketa, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
- 14:00. Bazkaria, Azpeitiko Azoka Plazan.
- 17:00. Goi mailako pilota jaialdia, Zestoako Udal Kiroldegiko pilotalekuan.
*Gaurtik zapatura arte ikusgai dago Gipuzkoako emakume pilotarien gaineko erakusketa Zestoan, pilotalekuan.