Bihar jokatuko dute Azkoitia eta Azpeitia artean Diego Garciaren omenezko 32. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Aurten, Urola Kostako trikitiari egin nahi izan diote keinua antolatzaileek, eta Running festa! dena Erromerian! egitera gonbidatu dituzte parte hartzaileak; Azkoitiko eta Azpeitiko kulturaren nahiz atletismoaren uztartzea ospatuko dute. Aurten ere hiru lasterketa jokatuko dituzte: 8 kilometroko lasterketa, gurpil aulkiko atletena eta nazioarteko maratoi erdia. 16:15ean hasiko da lasterketa motza; 16:28ean, gurpil aulkiko atletena; eta, 16:30ean, maratoi erdia.
Guztira, 1.800 lasterkari baino gehiago izango dira bihar: 600 inguru proba motzean, 1.200 inguru luzean eta bi gurpildun aulkian. Maratoi erdia irabazteko hautagai nagusien zerrendan, betiko legez, nazioarteko elite mailako korrikalariak daude. Antolatzaileek emandako izenen artean Mark Kiptoo keniarra da gizonen artean ezagunena, 2013ko eta 2018ko garailea, hain zuzen. Azkoitiko irteera lerroan izango da hura, Isaac Kipkoech, Johana Erot, Emmanuel Rotich eta Theophilus Yator herrikideekin, Nicolas Cuestas uruguaiarrarekin eta Daniel Angulo espainiarrarekin batera.
Emakumeetan, etiopiarrek eta espainiarrek lehiatuko dute maratoi erdiko txapela. Gainera, irabazleak aurrenekoz jantziko du Azkoitiko eta Azpeitiko herriek eskainitako txapela, faborito direnek ez baitute inoiz irabazi bihar jokatuko den proba. Tekan Berhe, Genet Nirea eta Abezu Aschale etiopiarrak, Salome Kipruto keniarra eta Irene Pelayo nahiz Elena Loyo espainiarrak dira Azpeitian helmuga aurrena zeharkatzeko faboritoak.
Dena den, etxeko korrikalariek, Azkoitikoek eta Azpeitikoek, egin ohi dute berezi maratoi erdia. Azkoitiarren artean, Jokin Sudupek (Azkoitia, 1988), Joseba Diazek (Azkoitia, 1995) eta Olatz Gabilondok (Azkoitia, 1979) dituzten oroitzapenak eta asmoak ezagutu nahi izan ditu Gukak. Azpeitiarren artean, berriz, Nerea Etxeberriaren (Azpeitia, 1983) eta azken urte luzeetan herriko bizilagun diren Joseba Ortegaren (Eibar, 1966) eta Onintza Zeberioren (Lezo, 1974) esanak bildu ditu.
Eragina trafikoan
Azkoitiko Julio Urkixo etorbidetik abiatuko dira korrikalariak probako ibilbidea osatzera, eta beraz, trafikoa moztuta izango da han eta herriko beste zenbait puntutan; 15:45etik 17:30era bitartean izango du eragina probak herriguneko trafikoan. Julio Urkixo nahiz Altzibar etorbideak eta Txerloia auzoko biribilgunea, gainera, itxi egingo dituzte.
Autobusetan ere eragingo du probak. Urbanuek 17:00etan hasiko du ibilbidea, 16:00etan hasi ordez. Lurraldebusi dagokionez, UK01 autobusak Txerloian izango du geraleku bakarra Azkoititik Donostiara 16:15ean eta 16:45ean irteten diren zerbitzuetan. Donostiatik Azkoitira 15:05ean eta 15:35ean abiatzen direnetan, berriz, Txerloiko eta Altzibarko biribilgunean izango dute geralekua. Halaber, Txerloiko eta Altzibarko biribilguneak izango dituzte geraleku honako autobus hauek: UK02 autobus zerbitzuari lotuta, Errezildik 16:30ean irteten denak; UK03 zerbitzuari dagokionez, Zarauztik 16:05ean irteten den autobusak; UK04 zerbitzuan, Ermutik 16:40ean abiatzen denak; eta azkenik, UK06 zerbitzuan, Zumaiatik 16:10ean irteten denak.
Azpeitian, Loiolako Inazio hiribidea 15:00etan itxiko dute trafikoarentzat, eta proba amaitzean ireki. Hori hala, Azkoitirako pasoa suhiltzaileen eta Loiolako tren geltokiaren arteko errepidetik bideratuko dute. Dena den, proba Loiolara iristean, txandaka emango dute pasoa. Gainera, herrigunean trafikoa itxita edo etenda egongo da, besteak beste, honako puntu hauetan: Artzubia kalea, Foru Ibilbidea, Ibaiondo kalea edo Damaso auzoaren azpiko bidea, Jose Artetxe kalea, Sanjuandegiko igerilekuaren aurreko zuzenbidea, Ikasberriko biribilgunea, Arana kalea eta 1766ko Matxinada kalea.
Autobusei dagokienez, Azpeitian bertan behera utziko dituzte 15:00etatik 19:30era ohikoak diren hainbat geraleku: anbulatorioaren aurreko geralekua, Julian Elorza kalekoa, Loiolakoa, Burdinbidearen Euskal Museoaren ondokoa eta Sanjuandegikoa. Horien ordez, suhiltzaileen parkearen aurrekoa, Enparan Gain ondokoa eta Loiolako tren geltokiaren aurrekoa izango dira erabilgarri.