Joan den ostiralean gelditu zen erabakita aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketako finala, azken bi kanporaketak jokatuta. Apirilaren 4an, ostiralarekin, jokatuko da finala, Azpeitiko Azoka Plazako Elikagunean, 20:00etan.
Zortzi bertsolari gazte sailkatu dira finalera eta horietatik hiru Urola Kosta eskualdekoak dira: Erniarraitz bertsozale elkarteko Joanes Azpillaga eta Suhar Gesalaga azpeitiarrak eta Motxian-Etxebeltz bertsoguneko Adei Urbitarte zarauztarra. Horiez gain, Kattalin Arabolaza, Egiar Otegi, Sustrai Goenaga, Maddi Lasa eta Danel Etxeberria bertsolariak sailkatu dira finalerako.
Aurtengoan Gipuzkoako eskolartekoaren kanporaketak Errezilen, Aretxabaletan, Amasan eta Aizarnazabalen jokatu dituzte. Apirilaren 4ko finalerako saiorako sarrerak salgai jarri dituzte Bertsosarrerak.eus webgunean. Afariaren bueltan egingo dute saioa, eta txartel arruntak 20 euro balio ditu eta 18 urtez azpikoenak 16 euro.
Txapelduna eta txapeldunordea Euskal Herriko finalerako sailkatuko dira. Saio hori ekainaren 14an izango da, 16:30ean, Arantzan (Nafarroa).