Azkoitiko eta Azpeitiko parrokiek hiru hitzaldi antolatu dituzte elkarrekin datorren asterako. Astelehenean, asteartean eta asteazkenean izango dira hiru hitzorduak bi herrietan; 17:00etan Azpeitiko Soreasuko Sebastian Deunaren parrokian izango dira hizlariak, eta 19:00etan, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundeko parrokian.
Hain justu, Donostiako Elizbarrutiko ordezkariek parte hartuko dute hitzaldietan. Astelehenean, Fernando Prado gotzainak Berarengan gure itxaropena izeneko hitzaldia eskainiko du; asteartean, Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusiak Itxaropenak ez du huts egiten izeneko saioa aurkeztuko du; eta, azkenik, asteazkenean, Luzia Alberro idazkari nagusiak Itxaropen eraginkorra. Iturriak izeneko hitzaldia zuzenduko du.
Eliza Jubileo urtean murgilduta dago aurten, Itxaropenean erromes lelo hartuta. Hain justu, itxaropena oinarri hartuta antolatu dituzte bi parrokiek hiru hitzaldiak. Prado gotzainak kristauentzat "Jesus itxaropena" dela nabarmenduko du; Aranguren azpeitiarrak, berriz, itxaropena balioan jarriko du, hura "kristauen dohainik handiena" dela aintzat hartuta. Alberrok, azkenik, itxaropena eraginkorra izan dadin zein iturri dauden azalduko die herritarrei.