Israelek Gazarako adostutako su etena hautsi duela salatzeko, elkarretaratzeak egingo dituzte ostiralean

Andoni Elduaien 2025ko mar. 19a, 09:13

Palestinaren alde Azkoitian egindako elkarretaratze bateko irudia. (Andoni Elduaien)

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitu dituzte elkarretaratzeak Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zestoan. Israelek Gazarako su etena hautsi eta gero egingo dute protesta.

Israelek –Hamasekin– Gazarako adostutako su etena hautsi zuen atzo, eta gutxienez 400 palestinar inguru hil zituen airez eta lurrez egindako erasoetan. Aldez aurreko abisurik gabe, Israelek goizaldean egin zuen erasoa Gazako Zerrendan. Zaurituak, baina 500 lagundik gora dira, gehienak, gainera, haurrak eta emakumeak. Dena den, ez dute baztertzen erasoak jazo ziren guneetan gorpu gehiago aurkitzea.

Horren harira, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkarretaratzeak deitu dituzte etzirako, ostiralerako. Israel genozida, palestinar erresistentzia aurrera lelopean, Euskal Herriko hamaika lekutan bilduko dira. Urola Kostan, lau herritan egingo dituzte kontzentrazioak: Azkoitian, 18:00etan egingo dute bilkura herriko plazan, eta Azpeitian, Zarautzen nahiz Zestoan, 19:00etan egingo dituzte elkarretaratzeak, udaletxe aurreko edo herriko plazetan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide