Azpeitia eta Zestoa daude Adinberri-Hariak laguntzen deialdiko onuradunen artean

Mailo Oiarzabal 2025eko otsailaren 20a

Mikel Arregi Zestoako alkatea (goian, ezkerretik hasita aurrena) eta Leire Goenaga Azpeitiko zinegotzia (goian, ezkerretik hasita laugarrena), beste onuradunekin eta laguntzen sustatzaileekin. (GFA)

Nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko hamabi proiektuk jasoko dute aldundiak bultzatutako laguntza. Azpeitiko Udalak Zaintza emozionaleko eredu berritzaileak Azpeitiko toki administrazioen ikuspegitik proiektua garatzeko laguntza jasoko du; eta Zestoako Udalak, Zaintza Sareak eta San Juan fundazioak, berriz, Kaixo, adiskide! egitasmoarentzat jasoko du laguntza.

Nahi ez diren edo gogoz kontrako bakardadeei aurre egiteko Adinberri-Hariak laguntzen deialdiaren onuradunak eta laguntza jasoko duten proiektuak aurkeztu zituzten atzo Donostian. Gipuzkoako hamabi proiektu lagunduko ditu aldundiak, Adinberri fundazioaren bidez eta Hariak estrategiaren barruan, eta horien artean daude Azpeitiak eta Zestoak deialdira aurkeztu dituztenak. Denera 800.000 euro bideratu dituzte laguntza deialdi horretara; diru laguntzaz gain, Hariak Hub-en laguntza teknikoa jasoko dute laguntzen onuradunek.

Hiru ildo aurreikusten dituzte Adinberri-Hariak deialdiaren onuradunek: esplorazioa, esperimentazioa eta bultzada. Proiektu bultzazaileen artean dago Zestoako Udalak, Zestoako Zaintza Sareak eta San Juan fundazioak martxan jarriko duten Kaixo, adiskide! egitasmoa; Zestoa da lehendik ere nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta horien ondorioei aurre egiteko lanean ari ziren Gipuzkoako sei udalerrietako bat.

Zaintza emozionaleko eredu berritzaileak Azpeitiko toki administrazioen ikuspegitik proiektua garatuko dute, beren aldetik, Azpeitiko Udalak eta Denontzat elkarteak Adinberri-Hariak deialdiaren laguntzarekin, eta esplorazio proiektuen artean kokatu dute Azpeitiko egitasmoa.

Adinberri-Hariak laguntzak jasoko dituzten hamabi proiektuak aurkezteko aukera izan zuten atzo onuradunek; Mikel Arregi alkateak aurkeztu zuen Zestoakoa, eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Azpeitikoa.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide