Negua koplaz, makil kolpez eta festaz uxatzeko pronto

Mailo Oiarzabal 2025ko urt. 31a, 12:23

Umeak itxulapikoak puskatzen, iaz, Matxinbentan. (Ane Olaizola)

Matxinbentan gaurtik igandera ospatuko dituzte Santa Ageda jaiak. Herri gehienetan aterako dira santa eskean: talde batzuk bihar, beste batzk bezperan bertan, eta otsailaren 8an ere bai.

Lurra neguko lozorrotik esnarazteko ohitura zaharrak berritzeko egunak iristear daude. Datorren asteartean, otsailaren 4an, da Santa Ageda bezpera, baina egun horretan ez ezik, aurretik eta ondoren ere astinduko dituzte makilak eta eztarriak santa eskean.

Matxinbentan, berriz, etena dute urte luzez mantendu zuten eskeko usadioa, baina Santa Ageda jaiak ospatuko dituzte, gaur bertan hasita; mus txapelketarekin ekingo diote egitarauari, gauean, Beheko Tabernan. Bihar, umeei eskainiko diete arratsalde osoa, jolasekin, Iagomagoren saioarekin eta txokolate janarekin; gauean, bertso afaria eta trikitilariak izango dituzte Beheko Tabernan. Igande goizean pilota eta herri kirol erakustaldia izango dituzte, trikiti doinuekin girotuta. Eta asteazkenean, mezarekin eta hamaiketakoarekin ospatuko dute Santa Ageda eguna, jaiak agurtzeko.

Eskean, han eta hemen

Matxinbentako kuadrillak utzi zion, baina eskualdean badira santa eskeari gogotsu eusten jarraitzen diotenak. Aizarnazabalen eta Zestoan bereziki errotutako usadioa da hori; bietan egun osoko eskea egiten dute. Aizarnazabalen, Santa Ageda bezperan beharrean bihar egingo dute aurtengo irteera. 08:30ean Mikel elkartean elkartu, eta 09:00etan ekingo diote goizeko saioari: Bekola baserria, Txiriboga eta Saiatz auzoak, Muniosoro eta Etxabe auzoa igarota, 15:00 aldean bazkalduko dute elkartean. Bazkalondoan, bertso eskolako umeekin eta trikitilari gazteekin batera, Zubialdetik herrigunerako bidea egingo dute; helduak Ibañarrietara joango dira segidan, eta handik herrira itzulita, berriro gaztetxoekin bat eginda ibiliko dira kantuan, afalordura arte.

Zestoan bai, otsailaren 4ko hitzorduari eusten jarraitzen diote. Aurten talde bakarra aterako da eskean. 08:45ean hasiko dute goizeko ibilbidea, Ondarbason. Etorra eta Legoia bailaretan zehar ibili ondoren, herrigunera jaitsiko dira, Gisasola egoitzan lehenbizi eta gero tabernetan kantatzeko, Ipintza elkartean bazkaltzeko geldialdia egin aurretik. Bazkalondoko saioa Akoan hasiko dute; handik behera, San Juan egoitzan kantatu ondoren, herrigunera itzuliko dira, kalez kale ibili ondoren eguna afariarekin borobiltzeko.

Eskualdeko herri gehienetan entzungo dira koplak eta makila hotsak otsailaren 4an. Aian, Azpeitian, eta Orion, ikasle taldeak ibiliko dira nagusiki kaleak girotzen. Zarautzen, herriko abesbatzak izango dira arratsaldea kopla kantari emango dutenak. Eta Getarian, otsailaren 8rako utziko dute aurtengo santa eskea.

Santa Ageda festak

Gaur, ostirala

  • 22:00. Mus txapelketa, Beheko Tabernan. Izen ematea, 21:00etatik 21:45era, tabernan bertan.

Bihar, larunbata

  • Festen hasiera, suziriekin.
  • 16:30. Umeentzako jolasak, frontoian.
  • 17:00. Txokolate jana.
  • 18:00. Iagomagoren magia ikuskizuna, eskolako lokalean.
  • 21:00. Bertso afaria, trikitilariek girotuta, Beheko Tabernan. Bertsolariak: Jexux Mari Irazu eta Unai Izagirre. Trikitilariak: Garixe eta Maltzeta.

Etzi, igandea

  • Suziriak.
  • 10:00. Beasaingo (Gipuzkoa) txistulariak.
  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, hamaiketakoa.
  • 11:30. Eskuzko pilota partidak, Beasaingo eta Azpeitiko pilota elkarteetako pilotariekin.
  • 12:30. Herri kirolak: Mikel Larrañaga, Joxe Ugarteburu eta Unai Etxeberria Osinalde aizkoran, eta Olaia Esnaola harri jasotzen. Herri kirolen tartean hasi eta bazkalostera arte, Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuko dute auzoa.

Otsailak 5, asteazkena. Santa Ageda eguna

  • 11:00. Meza, Azpeitiko koruarekin.
  • Ondoren, hamaiketakoa.

Santa eskeak

Bihar, larunbata

Aizarnazabal. 09:00etan Mikel elkartetik abiatuta, goiz eta  arratsaldez iibiliko dira santa eskean, Aitor Mendiluze, Haritz Gorriti Beltza eta Haritz Hernandez Larrume bertsolariekin, eta Olatz Gabarain trikitilariarekin. 

Otsailak 4, asteartea. Santa Ageda bezpera

Aia. Lardizabal herri eskolakoak goizean ibiliko dira eskean, HHkoak herrigunean eta LHkoak auzoz auzo, gurasoekin.

Azpeitia.

  •  10:15. Urola ikastolako DBH 1ekoek eta Karmelo Etxegaraiko LHkoek herria zeharkatuko dute kantuan, bi taldetan banatuta.
  •  10:30. Iraurgi ikastetxeko LH 5eko ikasleak parrokia atarian ariko dira, Goienetxe fundaziokoei kantuan.
  • 09:30-12:00. Ikasberri ikastolako DBH 4ko ikasleek Sanjuandegi eta Loiolabide igaroko dituzte kantuan.
  • 19:00. Sanagustinpetik abiatuta, Ikasberriko gurasoak eta ikasleak kalez kale ibiliko dira santa eskean.

Orio. 

  • 10:30. Zaragueta herri eskolakoak, kalez kale.
  • 18:00. Orioko Herri Ikastolakoak, kalez kale.

Zestoa. 08:45ean hasiko dira santa eskean Ondarbason, Aitor Salegi, Gorka Olaizola, Danel Olano eta Unai Sarasola bertsolariekin, eta Ane Urbieta eta Ekain Ugarte trikitilariekin.

Zarautz. Abesbatzak arratsaldean ibiliko dira kalez kale.

  • 16:00. Txinpirin eta Zarazte abesbatzak.
  • 19:30. Zarautz Abesbatza eta trikitilariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide