Tindufeko kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuei laguntzeko bilketa egingo du Wadna elkarteak zapatuan

Andoni Elduaien 2025eko urtarrilaren 30a

Azkoitiko Eroski supermerkatuan egindako bilketa bateko irudia.

Azkoitian eta Zestoan egingo du elkarteak bilketa. Azkoitian, Eroski supermerkatuan egingo dute elikagaien eta materialen bilketa, eta Zestoan, udaletxe azpiko arkupetan. Bi herri horietako ikastetxeetan ere egingo dute bilketa, datorren astelehenetik ostiralera.

Zestoako Wadna elkarteak Sahararen aldeko elikagai eta material bilketa du martxan. Tindufeko kanpalekuetan bizi diren milaka errefuxiatuei laguntza eskaintzeko asmoz, zapatuan bilketa egingo dute Azkoitian eta Zestoan.

Azkoitian, Eroski supermerkatuan jarriko dute 10:00etatik 21:00etara jarriko dute materiala eta elikagaiak biltzeko postua, eta Zestoan, udaletxe azpiko arkupetan egongo dira, 10:00etatik 13:00etara. Wadna elkarteak eskatu dituen produktuen artean daude arroza, pasta, oliotan bildutako atuna nahiz sardinak, azukrea, konpresak eta lekaleak —babarrunak, dilistak, garbantzuak—.

Kalean bezala, bi herri horietako ikastetxeetan ere egingo dute bilketa datorren astean; astelehenetik ostiralera arteko epea zehaztu dute eskoletarako. Hain justu, Azkoitian, Xabier Munibe ikastolan eta Floreaga ikastetxean egingo dute bilketa, eta Zestoan, Arroabeko zein Aizarnako eskola txikietan eta Zestoako Herri Ikastetxean. Materialak eta elikagaiak eskolen sarreretara bideratzeko eskatu dute, eskolekin koordinazioan.

Harrera familiei deia

Bestalde, elkarteak gogorarazi du martxan dela Oporrak Bakean programa, errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren haurrak udan Euskal Herriko etxeetan hartzea xede duena. Esperantzari leiho bat lelopean egingo dute aurtengo kanpaina, eta Wadna elkarteak zein Darahli elkarteak dei egin diete Urola Kostako familiei uztailean eta abuztuan haurren bat etxean har dezaten. "Familia beharra izaten da, eta horretarako prest dauden familiak ongietorriak izango dira. Badakigu oso zaila dela konpromiso hori hartzea, baina jendea animatu nahi dugu", azaldu dute Wadna elkartetik.

Programan parte hartu nahiko luketen familiak Wadna elkartearekin jarri beharko dute harremanetan martxoaren 15a baino lehen, wadna.zestoa@yahoo.es helbide elektronikora idatzita edo 650 96 66 98 telefono zenbakira deituta. Wadnarekin ez bada, Darahli elkartearekin ere jar daiteke harremanetan, darahlizumaia@gmail.com helbide elektronikora idatzita edota 605 70 14 63 telefono zenbakira deituta. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide