Zarauzko ikastolari elkartasuna adierazi diote eskualdeko ikastolek

Mailo Oiarzabal 2025ko urt. 24a, 16:01

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea, gaur, Azpeitian. (Ikasberri kooperatiba)

Elkarretaratzeak egin dituzte Azpeitiko Ikasberri ikastolakoek eta Orioko Herri Ikastolakoek, Jaurlaritzak Salbatore Mitxelena ikastolari jarritako isuna salatzeko eta Zarauzko ikastolari babesa adierazteko. Zarautzen bertan ere elkarretaratu dira berriro ikastolaren komunitateko kideak.

2023-2024 ikasturtean matrikula kopurua gainditu eta haur gehiago hartzeagatik Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak 140.000 euroko isunarekin zigortu duela jakinarazi zuen joan den asteartean Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak.

Isunaren berri emateko agerraldi jendetsua egin zuten egun hartan bertan Zarautzen, eta atzo eta gaur beste hainbat elkarretaratze egin dituzte Euskal Herri osoko ikastoletan Zarauzkoari elkartasuna agertzeko, Ikastolen Elkarteak deituta.

"Zarauzko ikastolari elkartasuna adierazteko" eta ikastolak "pairatzen" ari diren "murrizketak eta neurrigabekeriak salatzeko" deitu ditue elkarretaratzeak Ikastolen Elkarteak, eta sare hortako kide diren Urola Kostako hiru ikastoletan egin dituzte elkartasun eta protesta bilkurak ikasleek, irakasleek, gurasoek eta ikastoletako komunitateko kideek. Orioko Herri Ikastolan atzo elkarretaratu ziren, eta Azpeitiko Ikasberri eta Zarauzko Salbatore Mitxelenan gaur eguerdian; azken bi horietan, egunotako protestetan erabiltzen ari diren Ikastolak Euskal Herria eraikitzen leloa zeramaten pankarten atzean elkartu dira ikastoletako kideak.

Hainbat herritar, atzo Orioko Herri Ikastolan egindako elkarretaratzean. (Utzitakoa)

Zarauzko ikastolan gaur egindako elkarretaratzea. (Fernando Rojo)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide