Urola Bizirik natur taldeak abenduaren 30erako, astelehena, irteera antolatu du Munoaundin dagoen baso txikira. Hara taldean joateko hitzordua 09:30ean jarri dute, Abaraxka aterpetxearen aurrean.
Irteeran helburua Munoaundiko baso txikiak hainbat lan txiki egitea dela adierazi dute Urola Bizirikekoek: "Bertako mintegia txukundu, azken urteotan hazitako zuhaitzei babesak kendu, eremua pixka bat garbitu eta zuhaitz berri batzuk landatuko ditugu".
Hilaren 30ean egingo duten ekintza berezian parte hartzea urtea bukatzeko "modu paregabea" dela adierazi dute, eta herritarrak animatu dituzte ekintza berezian parte hartzera. Hala esan dute natur taldekoek: "Gabonetan ere naturaren alde egin nahi dugu. Mahaiaren bueltan bizi garen festa hauetan, ez da ideia txarra urtea modu baikorrean bukatzea, Ama Lurraren aldeko ekintza txiki bat eginez".
Gainera, bateren batek landatzeko edota oparitzeko zuhaitz bat nahiko balu, doan emateko espezie ugariko zuhaitz gazteak dituztela adierazi dute natur taldekoek: "Haritzak, astigarragak, gaztainondoak, txermen makatzak, sagar miñak…".