Ion Etxeberriak Gabonetako Erremonte Txapelketako finala jokatuko du

Iraia Oteiza 2024ko abenduaren 22a

Otano eta Etxeberria finalaurreko partidaren atarian. (e-Remonte)

Etxeberriak Mikel Otano garaitu zuen ostiralean Agoitzen (Nafarroa) jokatu zuten finalaurrekoan. 30 eta 16 nagusitu zen erremontista azpeitiarra, eta ondorioz, Gabonetako txapelketako finala jokatuko du Utergaren aurka, hilaren 27an, Iruñeko Labriten. Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak, aldiz, ezin izan zuen Binakako Erremonte Txapelketako finalerako txartela eskuratu Urrizarekin bikote osatuta, Ezkurra II.ak eta Azpirozek irabazi baitzuten finalaurreko partida.

Ion Etxeberria erremontista azpeitiarrak e-Remonte enpresak antolatutako Gabonetako Erremonte Txapelketaren finala jokatuko du. Etxeberriak Agoitzen (Nafarroa) jokatu zuen txapelketaren finalaurrekoa ostiralean, Mikel Otanoren aurka, eta 30 eta 16 nagusitu zen azpeitiarra. Hasieratik izan zen nagusi Etxeberria, eta bereziki sakean asmatu izanak eman zion hari finalerako txartela.

Horrenbestez, Ionek eta Utergak neurtuko dituzte indarrak txapelketaren final handian. Datorren ostiralean, hilak 27, jokatuko dute finaleko partida, Iruñeko Labriten.

Larrañaga, finalaren atarian

Binakako Erremonte Txapelketako finalaren atarian geratu da, aldiz, Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra. Txapelketako finalaurreko partida jokatu zuten atzo Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II.a-Azpiroz bikoteek, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan, eta Ezkurra II.ak eta Azpirozek lortu zuten hilaren 28an jokatuko den finalerako txartela. Bi set nahikoa izan zituen bikote irabazleak finalera sailkatzeko, 10 eta 15eko emaitzarekin amaitu baitzituzten bi jokoak.

Horrenbestez, nafarrek jokatuko dute Binakako Erremonte Txapelketako finala, Beñat Segurola aizarnazabaldarraren eta Barrenetexea IV.aren aurka. Segurolak eta Barrenetxeak hilaren 14an jokatutako partidan lortu zuten finalerako txartela, Ezkurrari eta Azpirozi 15-4 eta 15-8 irabazita. 

Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II.a-Azpiroz bikoteak, finalaurreko partidaren amaieran. (Oriamendi)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide