Idien ezkutuko uztarria

Maialen Etxaniz - Ihintza Elustondo 2024ko abe. 18a, 09:00

Aizarnazabalen jaioa, Errezilgo Belamendi baserrian idiak zaintzen aritzen da Nagore Urkizu. Egindako lana fruituak ematen ari da.

Hernioren magalean, Errezilgo herrigunea zeharkatu eta berehala, baserri handi bat dago: Belamendi. Inguruan mendiak nahiz belardiak berde, hiruzpalau txakur dabiltza etxearen zaindari. Eta hantxe, etxearen jiran dabiltza bi idi handi ere, uztarri bakarrak elkartuta. Mangera eskuan hartuta, horiek garbitzen ari da emakume bat, jertsea, bi beroki eta txapela jantzita, abenduko hotzari aurre eginez. GUKArekin zehaztutako hitzordurako txukun prestatu ditu animaliak, egunero zaintzen dituen mimo berberarekin. Aizarnazabalgo Altuna baserrikoa jaiotzez, Errezilera ekarri du han ernatu zitzaion afizioa Nagore Urkizuk (Aizarnazabal, 1981). "Zoriontsu naiz horrela", esan du, idiei begira.

"Neu izatez ez naiz hemengoa; hau nire senarraren [Iñaki Irulegi] jaiotetxea da". Nongoa den ahaztu gabe, hemezortzi urte daramatza Errezilen bizitzen Urkizuk. Belamenditik gertu dagoen etxe batean bizi da, eta egunero-egunero joaten da baserri horretara, ukuiluaren bueltako lanak egitera. "Hiru ordu laurden edo ordutebete ematen dut idiak zaintzen", adierazi du. Hainbat zeregin egiten ditu idiak gobernatzeko: "Aurrena kakak kentzen dizkiet, garbitu egiten ditut, eta, ondoren, jaten ematen diet; lastoa eta zerealak jaten dituzte". Une honetan, bi pare dituzte senarrak eta biek Errezilen: 6 urteko Rubio eta Lete, eta 2 urteko beste bi, Moro eta Castaño. Oraindik probarako gazteak dira guztiak, baina horretarako prestatzen aritzen da egunez egun Urkizu. "Ea Rubio eta Lete bi urte barru plazaratzeko moduan garen", dio.

Horiez gain, beste bi idi ere badituzte, Azkoitiko Aitor Olarrearekin batera, Gorri eta Beltza; Azkoitian egoten dira horiek. Eta horiek bai, dagoeneko proban lehiatzen ari dira, eta ez nolanahi, gainera. Azkoitian, Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria irabazi zuen pare horrek, eta astelehenean, Kintopeko Idien Gipuzkoako Txapelketan nagusi izan ziren Aizarnazabalen, Urkizuren jaioterrian. Pozarren dago hura, egindako lana fruituak ematen ari delako.

Afizioa, etxetik

Idien munduan ez dira emakume asko aritzen, eta afizioa nondik datorkion galdetuta, berriro ere sorterria aipatu du Urkizuk. "Istorio luzea da. Ni jaio nintzen etxean, beti egon dira idiak eta ganadua. Eta horiekiko afizioa aitonarengandik datorkit. Aitona probazalea zen, eta oso harro nago berataz. Eta nire lehengusu bat, Unai Altuna, ere beti ibili izan da idiekin. Beti eduki izan ditugu idiak etxean", adierazi du. Errezilgo Belamendin ez dute idietarako halako afiziorik izan. "Garai batean egon zirela esaten du aitonak, baina Iñakik dio bera ez dela gogoratzen". Urkizuren jaiotetxean «saltsa hori» beti egon denez, senarrak zera esan zion duela urte batzuk: "Idi parea ekarriko dugu». Eta emazteak erantzun: «Nola ba! Biotako inork ez dakigu-eta nola aritu behar den haiekin". Ingurukoek lagunduko zietela eta, hala konbentzitu zuen senarrak, eta idi parea ekarri zuten. "Aurrena ekarri genituen idiak dagoeneko ez daude, duela bi urte kendu genituen. Pare ederra izan zen, eta ea ondorengo hauek ere hala izaten diren".

Probarako prestatzeko, "kirolariek bezalaxe", hainbat entrenamendu egin behar izaten dituzte idiek. Proban dabiltzanean, astean hiruzpalau saio egiten dituzte; batzuetan, sasoi fisikoa eta arnasketa lantzen dituzte, eta beste batzuetan, atzean karga jarrita ibili ohi dira, harriari nola tira behar dioten ikasteko. Horrez gain, dema egunetarako dieta jarraitu behar izaten dute, gehiegi pisatuz gero, proba egunean gainkarga jartzen diotelako harriari. Urkizuk azaldu duenez, plazaren arabera, 1.500-1.800 kilo pisatu ohi ditu harriak, eta idiek, berriz, dema sasoian, 570-575 kilo inguru. Idiak plazaratzeko, entrenatzea ez ezik, haiekin duen harremana lantzea ere ezinbestekoa da Urkizurentzat. "Garrantzitsua da konexio hori lantzea; izan ere, norbera nola dagoen transmititu egiten zaie idiei. Ni ondo banago, transmititu egiten diet energia hori. Ondo zaintzen eta mimatzen baldin badituzu, animaliek fruitu hobeak ematen dituztela uste dut. Ahalik eta kariño gehien ematen ahalegintzen naiz". Mimoak ez ezik, idiak batzen dituen uztarria ere ezinbesteko ezaugarria dela aipatu du Urkizuk. "Trukoak uztarrian egon ohi dira", esan du.

Ametsa: plaza

Oro har, idi probena gizonezkoen mundua da, emakume gutxi ikusi ohi da plazan. Kasu honetan ere, Urkizu atzeko lanetan aritzen da; oraindik ez da sekula plaza batean aritu itzain. "Idiena beti izan da gizonezkoen mundua. Lehen ere, baserrietan askotan jarduten zen emakumea behiekin eta idiekin lanean, baina beti ezkutuan. Ezkutuko lan hori ez da ikusi izan". Idiak etxean zaintzea eta plazan haiekin aritzea bi gauza ezberdin direla nabarmendu du. "Plazaratzean, idiak lehiatzeko prestatuta daude, pisu batean sartzeko dieta bat jarraitu dute, batzuetan haserretu egiten dira... Etxean lasai egoten dira, ezagutzen duten tokian. Etxetik plazara, aldatu egiten da egoera".

Dena den, aho txikian, nabari zaio zein den bere ametsik handiena: "Nire nahia izango litzateke neu irtetea plazara, baina...". Baina, zergatik ez? "Karga handia dute idiek, eta ni nahiko eskasa naiz. Idi bakoitza ia 600 kilokoa izaten da, eta ni 57 kilo naiz...". Normalean, «gizonezko handiak» ibiltzen dira plazan itzain. "Izan ere, idiak egoskortzen badira... ez dago haiei irabazterik". Amesten hasita, errealagoa izan litekeen helburu bat aipatu du. "Badakit dema batean parte hartzea ezinezkoa zaidala, baina nahiko nuke erakustaldi bat egitea. Ez litzateke izango txapelketa bat; gustatuko litzaidake festaren batean-edo plazaratzea. Nire helburuetako bat horixe da». Jomugak alboratu gabe, errealitatea ere ederki baloratzen du Aizarnazabalgoak: «Bestela ere, gozatu egiten dut egunerokoan idiekin".

Emakumeren bat idiekin aritzeko gogoz baldin badago, Urkizuk badu harentzat mezua: "Oso mundu zaila da; ez digute erraza jartzen, eta gabiltzanok mantentzen nahikoa lan dugu. Baina gustatzen bazaio, animatzeko esango nioke, afizio polita delako. Idi gehienak txikiak zirela ekarri genituen, eta haiek haztea ume txiki bat haztea bezala ari da izaten. Oso prozesu polita da". Noski, berarekin egin zuten bezala, laguntza behar duen orori behar duena irakasteko prest agertu da Urkizu.

Ametsak amets eta asmoak asmo, denborak esango du idiekin plazan edo etxean ikusi ahal izango den Urkizu. Baina gauza bat, behintzat, argi gelditu da: trukoak uztarrian egoten baldin badira, Urkizu bera dela idien ezkutuko uztarria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide