Jauregi barruan eraiki den guztia egurrezkoa da, eta nahi izanez gero, egunen batean osorik kendu daitekeena, ezta?
Hala da. Jauregian soilik harrizko horma batzuk zeuden. Barrutik hutsa zegoen, estalkirik ere ez zeukan. Eta berezitasun bat zeukan: elizaren arbotantea jauregi barruan kokatuta zegoela. Hori guztia aztertuta eta kontuan hartuta, eta eraikina babestuta zegoela jakinda, egurrezko egitura sortu genuen, eta hori zuzenean hormen kontra jarri, soilik lurrean sostengatuta. Dena solte dagoenez, edozein momentutan desmuntatu eta berriz eraman ahalko litzateke. Gainera, elizaren arbotantearen inguruan hutsunea sortu genuen, eta horrekin inpaktu handia sortzen da eraikinera sartzean.
Piezak eginda ekarri dituzue, eta garabi handi batekin sartu.
Bai. Diseinu guztia ordenagailuz egin genuen, eta lanak egin dituen Iparragirre enpresa eraikitzaileak ere asko lagundu digu, beraiek Bim (Building Information Modeling) metodologia erabiltzen dutelako. Ordenagailuan kopia bat egiten da, guztia hiru dimentsiotan modelizatzen da, eta horrekin aurrez ikus ditzakezu obran zer arazo izango dituzun. Beraiek hiru dimentsiotako eskanerra zeukaten, nube de puntos deritzona. Puntito horiek guztiak, informazio hori guztia, hiru dimentsiotan ikusten da ordenagailuan, eta horren barruan modelizatu zen jauregia. Horri esker, egur guztia neurri zehatzetan ekarri zuten kamioian, garabi altu bat hondartza parean jarri zuten, eta dena estalkitik sartzen joan ziren, piezaz pieza eta banan-banan muntatzeko egitura osoa.
Hormak harrizkoak dira, eta beste guztia, egurrezkoa.
Bai. Saiatu gara ahalik eta material desberdin gutxien erabiltzen eta harriaren presentzia eta berak dituen testurak ahalik eta gehien kanporatzen. Material naturalenak erabiltzen saiatu gara, eta imitazioak saihesten, iruditzen zaigulako material bat ona bada askoz gehiago irauten duela. Beraz, egituran dena pinua erabili da, hori delako egitura aldetik ondoen funtzionatzen duena; kanpoaldekoa beste egur mota bat da, alertzea, euriarekin hobeto mantentzen dena; eta lurrean ikusten duguna haritza da, oker ez banago. Ateetarako eta leihoetarako, berriz, gaztaina erabili da.
Leihoak forma eta tamaina anitzetakoak dira.
Proiektuaren enkargua jaso genuean, leiho guztiak adreiluz tapatuta zeuden, eta lanak hasi ziren arte ez genuen jakin nolakoak ziren; horregatik, oso ondo etorri zaigu lehen aipatu dudan nube de puntos teknika hori. Horrez gain, leiho bakoitzeko pieza bakoitza ere itzulgarria edo berriz kentzeko modukoa da, arotzeri metalikoa delako, zuzenean puzzle bat bezala ahokatzen dena. Ondoren, horren gainean jarri ditugu markoak eta beirak. Baina leiho bakoitza obran topatu dugun hutsune horretara moldatuta dago eginda.
Gisa honetako proiektu asko egin dituzue?
Bai, obra publiko asko egiten ditugu, eta beraz, jauregi hau egitea daukagun jakintza hori guztia aplikatzea izan da. Baldintza zen eraikinak Turismo Bulegoa, museo bat eta gela bat edukitzea; horrez gain, guk defenditzen dugu eraikin batek oso malgua izan behar duela eta sortzen ditugun espazioek etorkizuneko erabileretarako balio behar dutela. Hortaz, asko saiatu gara jauregiak berak zituen berezitasunak nabarmentzen. Bestalde, proiektu bakoitza mundu bat da; ez dugu beti lan egiteko sistema bera erabiltzen, gustatzen zaigu gauza berriak ikertzea eta probatzea obran bertan. Obra honetan erabili den metodologia, esaterako, nahiko berria da, eta oso lotuta dago prefabrikatuekin eta industrializazioarekin; lana erraztearekin.